San Tomas Azoka

Jendetsua eta giro ederra ohikoa izatera itzuli den azokan

Noaua Aldizkaria 2022ko abe. 18a, 15:08

Ohiko bisitari hainbat falta zituen bai aurtengo azokak. Bertsolari Txapelketa Nagusiko Iruñeako final handira joanak dira hainbat herrikide. Halere, jendetsua izan da NOAUA! Kultur Elkarteak igande honetan frontoian antolatu duen San Tomas azoka. Giro eguzkitsuak hainbat bisitari erakarri ditu pilotalekuan jarri ditugun postuetara. Nola ez, babarrun eta sagardo txapelketetan parte hartu duten ekoizleak tartean ziren.

Postuei usain gozoa zerien. Gozogintzako hainbat salmenta txoko aurkitu ditugu. Ikastetxeen ordezkaritza baita. Udarregi Ikastolako DBH 4. mailako ikasleek ikasturte amaierako bidaiarako laguntza biltzeko postre goxoak saltzen aritu dira. Alboan zituzten Aginagako eskolako kideak. Jaki gozoak saltzearekin batera, babarrun aleei lotutako apustua egin dute. Zenbat ale zituzten asmatu edo kopuru zehatzera gehien hurbiltzen zenarentzat saria izan da; saritua ondoko argazkian duzue, Egoi Fernandez.

Herri eragile gehiagok ere postu bana izan dute. Memoria historikoa berreskuratzeko lanean diharduen Usurbil 1936 elkarteak, azoka honen antolakuntzak baita, NOAUA! Kultur Elkarteak alegia. Alkartasuna kooperatibak ere produktu sorta eraman du azokara.

Hamaiketako goxoa ere herritarren eskutik dastatu ahal izan dugu, herriko talogile eta gaztaingileak jo eta su aritu dira lanean. Talogileen parean ilara luze askoa izan da zenbait uneetan. Edatekoa, herriko sagardo ekoizleek eskaini diote herriari. Txapelketara aurkezturiko sagardoak dastatu ahal izan dituzte bisitariek. Artisauak, bisitariak, herrikideak lanean nahiz osteratxoa egiten azokan barrena... Ugaitz Agirrek aurkeztu duen azokak izan du baita haurrentzako txokoa Sutegiko erakustaretoan. Ixabel Agirrerasoberen ipuin kontaketa saioaz gozatu ahal izan dute.

Denetarik eta denontzat izan da zer ikusia eta dastatua bi urteren ostean ohiko formatura itzuli den NOAUA! Kultur Elkartearen azoka.