Osakidetza defendatzeko mobilizatzera deitu dute ostegunean

Noaua Aldizkaria 2022ko abe. 20a, 12:10

Sindikatuek Osakidetza defendatzeko elkarretaratzeak deitu dituzte ostegunean ospitaleetan eta herrietako osasun zerbitzuetan. Anbulatorioetan abenduaren 22an, 13:00etan.

SATSE, ELA, LAB, SME, CCOO eta UGT sindikatuek Osakidetza defendatzera deitu gaituzte abenduaren 22an. Mobilizazio eguna antolatu dute ostegunerako; 11:00etan elkarretaratzeak ospitaleetan eta bi ordu beranduago, 13:00ean anbulatorio atarietan. 2023an jarraipena izango duen mobilizazio ziklo baten hasiera izango dela iragarri dute sindikatuok. 

Osakidetzak bizi duen egoera ez dela kontu berria diote, Osasunaren Mahai Sektorialeko kideok. "Denbora asko daramagu salatzen Mahaia foro huts bihurtu dela, informatiboa, bertan ez dela benetako negoziaziorik egiten, eta Osakidetzak nahi duenari eta nahi duenean bakarrik heltzen diola. Egoera horrek, hobera egin beharrean, okerrera egin du, eta horrek erabateko blokeora eraman gaitu. Eta hori, bai profesionalentzat, bai herritarrentzat, gure osasun publikoaren narriadura oso nabaria den une honetan", dio LAB sindikatuak.

Larritzat jotzen dituzten arazoek konpontzeke segitzen duela salatu du ELA sindikatuak. "Langileen %50ak behin-behineko kontratua du; plantillaren erosahalmena %20 baino gehiago jaitsi da hamarkada batean; gehiegizko lan karga arazo sistematikoa bihurtu da; behar baino langile gutxiago daude txanda bakoitzean; Deustuko, Zumarragako eta San Martingo PACetan, Santiago Ospitaleko larrialdietan eta Basurtuko bihotzeko kirurgian murrizketek indarrean jarraitzen dute; murrizketa berriak planteatzen ari dira Lehen Mailako Arretan eta lan baldintzetan; Garapen Profesionalean murrizketa izugarria egin nahi dute...".

"Elkarrizketarako borondate eza eta inposizioaren bidean aurrera"
LAB-en esanetan, "errealitate bakarra da Osakidetzak bere ibilbide-orriarekin jarraitzen duela, langileen aldarrikapen bakar bati ere erantzun gabe, eta, gainera, existitzen ez den negoziazioaren itxura egiteko erabili nahi duela mahai sektoriala". Bitan altxatu dira (urte hasieran eta udan) sindikatuak negoziazio mahaitik, "alde egin behar izan zuten egoera zentzugabe horrekin bukatu ahal izateko. Bitartean, birritan gonbidatu dute sindikatuek Osakidetzako zuzendaritza Lan Harremanen Kontseilura, baina entzungor egin diote. Abenduren 7an, baina, Gotzone Sagardui sailburua buru zutela, bildu ziren zuzendaritzakoak sindikatuekin. Emaitza betiko bera izan zen, tamalez: elkarrizketarako borondate eza eta inposizioaren bidean aurrera. Osakidetzak bere ibilbide orriarekin jarraitzen du, langileen aldarrikapen bakar bati ere erantzun gabe. Mahai Sektoriala ez du errespetatzen, langile eta herritarren mobilizazioei ez die jaramonik egiten eta orain arte antolatutako lau greba egunei ez ikusiarena egiten die".

Barne demokrazia sustatzeko behar larria du Osakidetzak sindikatuon ustez, ezinbestekoa dela horri buruz hausnartzea. "Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak esan zuen ehun profesional baino gehiagori irekitako prozesu parte hartzailea bultzatuko zuela Osakidetzan. Baina hori ez da nahikoa 37.000 langile baino gehiago dituen instituzio batean. Kategoria, lurralde eta estamentu guztiak ordezkatuko dituen lagin oso eta handiagoa behar du prozesu horrek, zilegia izan nahi badu behintzat". 
Gordintzat jotzen duten egoera honen aurrean, "langileen aldarrikapen bakar bati ere erantzun gabe, eta, gainera, existitzen ez den negoziazioaren itxura egiteko erabili nahi duela mahai sektoriala" ikusita, sindikatuok ezinbestekotzat jotzen dute "langileak eta herritarrak elkartuko dituen mobilizazio-dinamikari ekitea".