Zoru pelbikoaren ikastaroan izen-emateko garaia

Noaua Aldizkaria 2022ko abe. 20a, 08:37

Urtarrilaren 10ean hasiko den hamar saioko ikastarorako doan eman ahalko da izena, abenduaren 30era arte.

Zoru pelbikoa indartzea helburu izango duen ikastaroa antolatu du Usurbilgo Udalak emakumeentzat, 2023. urte hasierarako. Urtarrilaren 10ean abiatuko da, hamar saio izango dira, asteartero, 16:30-18:00 artean Oiardo Kiroldegian eskainiko dira. Abenduaren 14an gai honen bueltan antolatu zuten hitzalditik datorren ikastaroa Saioa Baena Gorosabal fisioterapeutak, obstetrizia eta ginekologia berreziketan adituak eskainiko du. 14 lagunentzako lekua egongo da. Abenduaren 30a baino lehen eman beharko dute interesa dutenek, Kiroldegian bertan.

Saio hauetan guztietan zehar, "emakumeen bizi kalitatea hobetzeko hain garrantzitsua den eta orain arte gutxi aztertu den gai honen inguruko ezagutza eta informazioa eskainiko dute. Emakumeei zuzendua da, orokorrean, eta, bereziki, menopausia hasi edo igarotzen ari direnentzat, edota umetokia edo puxika eraitsia dutenentzat, pixa galerak dituztenentzat eta erditu berri dauden emakume gazteentzat, erditze osteko tratamendu bezala".

Helburua aipatu moduan, zoru pelbikoa indartzea izango da. "Emakumeek, bizitzan zehar, zoru pelbikoan eta euren ongizatean eragina duten hainbat egoera bizi dituzte: erditzea, hormona gorabeherak, lanean jardutea, kirola praktikatzea, pisuak hartzea, eztul edo doministiku egitea, oihukatzea eta abar. Horrelako ekintza bakoitzeko zoru pelbikoa ahuldu egiten da, eta behin adin batera iritsita, ondorioak izaten ditu (pixaren galera,
esaterako)". 

KzGunea Usurbil
Datozen hiru asteotan astelehenetik ostegunera irekiko dute KzGunea; abenduaren 23an, 30ean eta urtarrilaren 6an itxita egongo da. Hilaren 29ra arte arratsaldez zabalduko dute, 16:00-20:00 artean. Urtarrilaren 2tik aurrera, 9:00-13:00 artean. Hemen datozen ikastaroen berri:
-Abenduak 27-29, 16:00-18:00: "LibreOffice Calc. Zure kalkulu orria sortu". 
-Urtarrilak 2-16, 9:00-11:00 "Oinarrizko Interneta. Nabigatzen eta posta elektronikoak bidaltzen ikasi".
-Urtarrilak 17, 9:00-11:00 BakQ ziurtagiria".
-Urtarrilak 18-31, 9:00-11:00 "Ofimatika tresnak-LibreOffice".
Informazio gehiagorako:
Kale Nagusia, 37
943 023 684
tutor.usurbil@kzgunea.net