Usurbilgo Sare: “Euskal kantutegitik abestiak aukeratu eta bertsio modura eskainiko dituzte”

Noaua Aldizkaria 2022ko abe. 21a, 08:24

Usurbilgo Sarek kantu saio bat antolatu du abenduaren 23rako. Arratsaldeko 20:00etan Sutegin hainbat taldek oholtza hartuko dute presoen inguruan euskal kantagintza oparoaren abesti batzuk bertsionatu eta plazaratuta. Sarrerak aldez aurretik erosi beharko dira Txiribogan, Aitzagan eta Txirristran 6 eurotan edo egunean bertan 8 eurotan. Ekimen honen antolatzaileekin izan da NOAUA!.

NOAUA! “Kantuz etxera bidea gertu” izenpean kantu saioa antolatu duzue. Nolatan bururatu zaizue ekitaldi hau antolatzea?

Aitor Landaluze: Sarek badu bere dinamika propioa. Hilabeteko azken ostiralarekin elkarretaratzeak egiten ditugu. Presoen gaia bizirik mantentzea dugu helburu eta salaketa egiteaz gain, informazio sare ere bilakatu da. Presoen egoeren gainean gertatzen diren aldaketen berri ematen dugu. Egia da Usurbilen ez dela presorik geratzen gartzeletan, baina Euskal Herrian oraindik ia 200 pertsonek jarraitzen dute preso izaten. Hilabetero egiten dugun elkarretaratzeaz gain, zerbait gehiago egiteko gogoa geneukan urtea behar bezala amaitzeko eta horren erraz iristen ez garen jende horretara iristeko. Ikusita Usurbilen musikari eta kantari dezente ditugula eta euskal kantagintzan presoen gaia bizirik dagoela, gure kantariak eta presoen gaiak elkartzea erabaki genuen. Euskal kantutegi zabal horretatik pare bat abesti aukeratu eta bertsio modura abestuko dituzte Sutegin.

 

Zein taldek hartuko dute parte bertan?

A.L:  Musikariak ikusiko ditugu, ez horrenbeste herriko taldeak: Ixak, Elene, Malen eta Jon Mikel, Luken… Horiez gain, bertsolari pare bat ere izango dira, bai eta Ugaitz Agirre ere poesia errezitatzen.

 

USURBILGO SARE

“Abenduaren 23an, herriko musikariek bertsio-kontzertu berezia eskainiko dute Sutegin”

 

Presoen aldeko abesti ezagunak joko dituzte denek?

A.L: Printzipioz abesti ezagunak izango dira, baina batek edo bestek proposatu digu bere abesti propioren bat ere jotzea, beti ere presoak gaitzak hartuta.

Joxe Mari Lizaso: Ongi etorriak izango dira abesti propioak ere. Gonbita oso zabala izan da eta bakoitzak bere egitea nahi dugu kantaldia. Ez diegu eskatu abestiak sortzerik, baizik eta dagoenari buelta bat ematea.

 

Presoen gaia musika talde askok lantzen dute. Gaur egungo gazteriak nahikoa kontzientzia baduela uste duzue?

A.L:  Euskal kantagintza badirudi gizartearen memoria kolektiboaren bozeramaile bilakatu dela. Gaia presente dago gazteen artean ere, baina ez guk bizi genuen intentsitate berarekin. Dispertsioaren gaia amaierara iristen ari da, nahiz eta oraindik 20 bat preso geratzen diren urrutiko gartzeletan.  Belaunaldi oso batek hori ez du bizi izan. Gazteek beste modu batera jasoko dute hori eta euren modura bizi eta transmitituko dute. Izan gaitezen azken belaunaldia horrelako egoera bat bizi duena. Oraindik salbuespen-egoera indarrean dago eta presoei zuzenean eragiten die eta errepresio horren aurka borroka egin beharra dago ez bakarrik presoen alde, bai eta haien familia eta lagunen alde. Horretan ari gara fokua jartzen Saren, mendekuaren lege horren aurka borrokan jarraituko dugu.

J.M.L: Geroz eta zailagoa izango da belaunaldi berriei transmisioa egitea. Argi daukagu gure eguneroko lana ezinbestekoa dela, baina pixkanaka indarra galtzen ari den gaia da modu natural batean.

 

“Bilboko manifestaziora joateko autobusa jarriko dugu”

Urtarrilaren 7an manifestazioa izango da Bilbon, “Etxera bidea gertu” aldarripean. Autobus zerbitzua izango al da?

J.M.L:  Bai, jakina. Herriko ohiko tabernetan izena emateko aukera izango da eta autobusa jarriko dugu. Kantagintzaren ekitaldian ere oso presente izango dugu deialdi hau eta animatuko ditugu bertan ere Bilbora gurekin etortzera. Inguruko herriekin ere harremanetan egoten gara elkarri laguntzeko.

A.L:  Aste honetan bertan jarriko ditugu zerrendak.

 

Sareren zozketa

“Etxera bidea gertu” dinamikaren testuinguruan, Sarek eginiko zozketako zenbaki sarituak honako hauek dituzue: 66.382 (1. saria: 999 euroko bi bidaia-bono), 45.236 (2. saria: 999 euroko bidaia-bono bat), 40.300 (3. saria: Tolosako Ama jatetxean bi lagunentzako otordua).