Zumarte, belaunaldi arteko topalekua

Noaua Aldizkaria 2022ko abe. 20a, 18:43

Eguneko Zentroko eta Eguneko Arreta zerbitzuetako erabiltzaileak, Udarregi Ikastolako ikasleak eta Zumartekoak batu dituen bisita gidatua egin eta kontzertu berezia eskaini dute Kale Nagusiko egoitza berrituan goiz partean. Belaunaldi arteko topaketa berezia izan da.

Belaunaldiartekotasunaren kabia gaur Zumarte. Ezohiko bisitariak izan ditu musika eskolak astearte goiz honetan, Eguneko Zentroko eta Eguneko Arreta zerbitzuetako erabiltzaileena hain zuzen. Eta bidelagun ezinhobeak izan dituzte; Udarregi Ikastolako DBHko gazteak. Denek batera Zumartekoek prestatu dieten bisita gidatuan parte hartu dute. Musika eskolaren instalakuntza berriak hurbiletik ezagutzeko aukera izan dute; gutxitan ikusten ditugun bezala, bi belaunaldiak eskua elkarri emanda, elkarren bidelagun.

Amaieran, Zumartekoek antolatu duten gabon giro beteko kontzertua eskaini diete. Eguberrietako kantak abesten amaitu dute denek, hainbat oroigarri banatzearekin batera.

Belaunaldiartekotasuna lantzen
Osasun krisialdiak bi urtez eragotzi ostean berreskuratu ahal izan dute gabonen atariko topaketa hau. Lehen, Eguneko Zentroan ospatzen zuten. Zumarteko kideak bertara igotzen ziren emanaldia eskaintzera. Aurtengoan eskenatoki aldaketa izan da, eta bidelagun berriak batu zaizkie; Udarregi Ikastolako DBH-ko gazteak.

Proiektu komunitarioen inguruko ikasgai berrian buru-belarri lanean ari dira. Arlo hau komunitateari ekarpen bat egiteko baliatzen dutela adierazi digute, kasu honetan, belaunaldiartekotasuna lantzeko. Gizarte langilearekin hitz egin ostean, goiz pasa Eguneko Zentroko eta Eguneko Arreta zerbitzuetako adinekoekin egoten hasi ziren asteartero. Astearte hau, Zumarteko topaketarako baliatu dute.