Askatasuna plazako komun publikoa egoki erabiltzeko deia egin du Usurbilgo Udalak. Ohar bidez jakitera eman duenez, "herritar guztien erabilera eta onurarako jarria da, eta ondasun publikoak arduraz eta egoki erabiltzekoak dira".
Udal-brigadaren ohartarazpena tarteko, azken aldian komun honekin gertatzen ari dena azaldu du. "Azken hiru hilabeteetan, baten batek Potxoenea pareko komun publikoa modu desegokian erabiltzen duela jakinarazi du. Brigadaren esanetan, erabilera desegoki hori apropos egina dela begi bistakoa da, komunetik behera botatzekoak ez direnak topatu dituztelako, astero-astero, komunaren erabilera arrunta oztopatuz. Batik bat, zerbeza-latak bota izan direla azaldu dute".