Usurbil.eus atarian iruzurrak salatzeko kanala jarri du martxan Udalak, “udal organo eta erakundeen zerbitzura dauden hautetsiek eta langileek bete beharreko printzipio eta arau etikoak betetzen laguntzeko”. Derrigorrezkoa izan ez arren, iragan martxoaren 17ko udalbatzarrean onartu zuten iruzurraren aurkako mozio eta mozio osteko planaren haritik dator kanal hau abiarazteko asmoa.
"Gatazkak saihesteko bitarteko gisa jarduteko kanal segurua da, bi norabidekoa, eta udal administrazioaren eta herritarren arteko lankidetza sustatzen du, parte-hartzearen bidez kudeaketa publikoan balio etikoak lantzeko. Irekitako salaketa-bide horren bidez, edozein pertsonak jakinarazi ahal izango ditu iruzur-susmoak, eta, horri dagokionez, detektatu ahal izan dituen ustezko irregulartasunak; salaketa kontuan hartuko dela jakinaraziko zaie, baita egindako kudeaketen emaitzak jakinarazi ere. Kanal horretan formulario bat bete ahalko da eta “iruzurraren zantzuak aurkeztu”.
Udaletik ohartarazi dutenez, “postontziak konfidentzialtasuna bermatuko du uneoro. Komunikazioa egiten duen pertsonak eskubidea du bere laneko identitatea eta osotasuna eraginkortasunez babesteko eta ingurune digitalean anonimotasuna erabat bermatzeko, komunikazioa modu anonimoan egitea erabakitzen badu”.