650 Usurbil Bizi

NOAUA! K.E.-k dinamizatuko du “650 Usurbil bizi” egitasmoa

Noaua Aldizkaria 2022ko abe. 21a, 13:01

Dinamizazio lan hau bideratzeko lankidetza hitzarmena sinatu dute Usurbilgo Udalak eta NOAUA! Kultur Elkarteak.

“Proiektua herrian sustraituko duen urrats garrantzitsua da”, zioen Usurbilgo alkate Agurtzane Solaberrietak akordioa Potxoenean izenpetu aurretik. Horrekin batera, “Udalak eta NOAUA!-k urte luzeetako elkarlan horretan sakontzen duen beste ekimen garrantzitsua da” nabarmendu zuen.

Udalak urtero egingo dion diru ekarpenarekin langile berri baten kontratazioa bideratuko da. Urrats honek pauso gehiago ekarriko ditu laster. Hala nola, “turismo gune bat irekitzea asteburuetan. Hemendik eratorritako eskaintzak martxan jartzea, bisitetarako beste norbait kontratatu ahal izatea”.

“Aurrekari polita”
“650 Usurbil bizi” egitasmoak eduki berritzaileez gain, tankera bereko kudeaketa modua izan behar zuela ikusten zuten eta hortik NOAUA! K.E.-ri egitasmoan parte hartzeko egin zitzaion gonbita. “Turismo eskaintza baino gehiago den proiektuaren garapena eta kudeaketa bere gain hartuta, ekarpen oso baliotsua egitera goaz. Aurrekari polita beste herri batzuentzat ere”, zioen egitasmoaren sustatzaile Jon Maiak. 

“Erronkazaleak gara” eta kultur elkarteak jasotako proposamenari baiezkoa eman ziola adierazi zuen sinatze unean NOAUA!ren lehendakari Idoia Torregaraik. Proiektuak “bete-betean bat egiten du NOAUA!ren baloreekin; elkarlan, berrikuntza eta kulturarekin. Poz-pozik ekingo diogu bide berri honi”.

Hitzarmen honen testuinguruan, lanaldi erdiz langile bat kontratatuko du NOAUA!-k. “Ekintzailea, herri dinamiketan esperientziaduna” behar dugu, NOAUA! K.E.-ko dinamizatzaile Alaitz Aizpuruaren esanetan. Curriculumak urtarrilaren 9a baino lehen bidali beharko dituzte interesdunek.

Turismo dinamizatzailea behar dugu
“650 Usurbil bizi, beste mundu bat posible da” egitasmoa dinamizatzeko langilea behar dugu. Adi beraz interesdunok lerrootako deialdiari. NOAUA! Kultur Elkartean urtebetez lanaldi erdian aritzeko kontratua eskaintzen da. Hasteko, bi hilabeteko probaldia. Hemen interesdunek bete beharrekoak dituzten baldintzak:
-Turismo, kultura, komunikazioa edo jarduera soziokulturarekin lotutako diplomatura edo gradu baten jabe izatea. Alor hauei lotutako masterra edo graduondokoa ere onartuko dira.
-Beste diplomatura baten jabe izanik, prestakuntza osagarria edo esperientzia izatea kultura, ondarea edo turismo alorretan.
-EGA edo baliokidea izatea.

Honako alderdiok baloratuko dira:
-Harremanetarako eta komunikaziorako gaitasuna.
-Ekintzailea izatea eta proiektuak sortzeko gaitasuna izatea.
-Kanpoko hizkuntzak jakitea.
-Herrigintzan esperientzia izatea.
-Turismo alorrean esperientzia izatea.
-Webguneak eta sare sozialen kudeaketan ezagutza izatea.

Interesdunek curriculum datorren urtarrilaren 9a baino lehen helarazi behar dituzte elkartea@noaua.eus helbidera.