San Tomas

Jaki goxoen bueltan ospatu dute San Tomas eguna Aginagan eta Santuenean

Noaua Aldizkaria 2022ko abe. 22a, 09:29

Abenduaren 21a gogotik ospatu dute Aginagako Eliza Zaharrean eta Santueneko kaleetan.

Urte garai honetan, aparteko dizdiraz gain, usain ezin gozoagoa dario herriari. Asteazken honetan ospatu den San Tomas horren lekuko. Ospakizun giroan murgildu dira Aginagan eta Santuenean. Aginagan, Eliza Zaharra elkargunean batu ziren haur eta guraso anitz, eskuz landutako taloak txistor ederrekin edota txokolatearekin dastatzera. Arratsalde pasa ederra bizi izan zuten Eliza zaharraren aterpe goxoan.

Kalean egoteko ere primerako giroa zegoen. Eta horixe baliatuta hain zuzen, San Tomas eguneko ospakizunak plazara atera zituzten Santuenean. Bertako auzo elkartearen eskutik, txistor jan eder askoa egin zuten, Dj GorkaMendik girotuta. Ez zen beraz San Tomas ospatzeko herritik atera beharrik atzokoan. Egunotan gainera segida izango dute jaki goxoen dastaketak tabernen bueltan, urtero ohi den moduan.