Anbulatorio atarian mobilizatu dira Osakidetza babesteko

Noaua Aldizkaria 2022ko abe. 22a, 13:32

Osakidetzaren defentsan eta negoziazioaren alde sindikatuek gaurko deitua zuten mobilizazio egunarekin bat egin dute baita Usurbilgo anbulatorioan. Osasun-etxe atarian elkarretaratu dira zenbait herritar eta langile.

Osakidetza defentatzeko eguna gaur Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako ospitale eta anbulatorioetan. Osasuneko Mahai Sektoriala osatzen duten LAB, SATSE, ELA, SME, CCOO eta UGT sindikatuek mobilizazio eguna deitua zuten; goizeko 11:00etan ospitaleetan eta 13:00an anbulatorio atarietan. Aipatu moduan, osasun zerbitzu publikoen defentsan, inposizioen aurka eta negoziazioaren alde. Eta hainbat arazo konpontzea eskatzeko. 

Antolatuak zeuden elkarretaratzeekin bat egin dute baita Usurbilgo anbulatorioan. Osasun-etxe atarian bildu dira zenbait langile eta herritar. Besteak beste, sindikatuon esanetan, Osakidetzak egun izaten segi eta onartezintzat jotzen dituen hainbat arazo salatu dituzte: "langileen %50ak behin-behineko kontratua du; plantillaren erosahalmena %20 baino gehiago jaitsi da hamarkada batean; gehiegizko lan karga arazo sistematikoa bihurtu da; behar baino langile gutxiago daude txanda bakoitzean; Deustuko, Zumarragako eta San Martingo PACetan, Santiago Ospitaleko larrialdietan eta Basurtuko bihotzeko kirurgian murrizketek indarrean jarraitzen dute; murrizketa berriak planteatzen ari dira Lehen Mailako Arretan eta lan baldintzetan; Garapen Profesionalean murrizketa izugarria egin nahi dute...".

Gaurkoarekin sindikatuek 2023an segida izango duen mobilizazioen dinamikari ekin diotela berri eman dute.  "SATSE, ELA, LAB, SME, CCOO eta UGT sindikatuek ezinbestekotzat jotzen dute langileak eta herritarrak elkartuko dituen mobilizazio-dinamikekin jarraitzea, gaur egin duten bezala".