Belaunaldiartekotasunari kantuan

Noaua Aldizkaria 2022ko abe. 22a, 12:58

Udarregi Ikastolako ikasleek eguberriei kantuan egin diete harrera urtero moduan, goizean zehar herrian barrena egin dituzten kalejiren bidez. 

Gabon giro betean gara jada. Eguberriei harrera egiten lehenak irudiotako protagonistak izan ohi dira, bi asteko merezitako oporraldian murgilduko diren haur eta gaztetxoak. Udarregi Ikastolakoek ostegun honetan zuten azken klase eguna. Urtero moduan ezohiko eguna, baina aurten ohikotasunera itzuli dena, bi urteko osasun krisialdiaren ostean. 

HH, LH eta DBH-ko ikasle eta irakasleak kalejiran ikusi ditugu goizean zehar herrian barrena, gabon giroa lau haizeetara zabaltzen aritu dira. HH-koek borobildu dute kantu saioen goiza, Udalak Olentzero kokatu duen Mikel Laboa plazako txokoan. Aurretik, goizeko 9:30ak aldera abiatu dira ikastolatik LH eta DBH-koak. Ziklo bakoitzak ibilbide propioa osatu du, baina geltoki bat eta bera partekatu dute; Usurbilgo belaunaldi gazteena eta helduena batzen dituen Kalezarko Haur Eskolako eta Eguneko Zentroaren eraikina. 

Bi ziklootako kalejirek geldialdia egin dute bertan, atarian. Leihotik begira irribartsu zituzten Eguneko Zentroko amon eta aitonak. Patioan Haur Eskolako txikiak, guraso eta hezitzaileak. Ikasle musikari eta abeslariek gogotik kantatu diete. Belaunaldiartekotasuna jorratu dute beraz, ikastolaren aurtengo gabonetako kantu saioek. Goizeko hitzorduok borobiltzeko, DBH-koek sukaldaturiko txistor jana dastatu ahal izan dute. 

Merezitako oporretara doaz gaur langile eta ikasleak. Urtarrilaren 9an itzuliko dira ikasgeletara.