"Hemen gaude preso, erbesteratu, senide eta lagun guztiei ozen adierazteko, ez ditugula ahazten"

Noaua Aldizkaria 2022ko abe. 24a, 14:13

"Kantuz etxera bidera gertu" ekitaldi berezia antolatu zuen Usurbilgo Sarek bart Sutegin. Hitzorduak herriko sortzaileak batu zituen.

Azken ostiraleko elkarretaratzea astebete aurreratu eta formatu berri batean plazaratu zuen Usurbilgo Sarek bart Sutegin, euskal presoen eta haien senideei oraindik orain urratzen zaizkien eskubideen salaketa. Herriko sortzaileak batu zituen hitzorduan, bertsoak, poesia errezitaldia, eta nola ez, euskal kantutegian ezagunak ditugun abestiak ekarri zizkiguten kultur-etxeko auditorioko oholtza gainetik Usurbilgo artixtek. Ez edozein, euskal presoen elkartasun abesti bilakatu direnak. "Euskal preso politikoek sufritzen duten eskubide urraketen beste salaketa bat da gaurko ekimena. Ez ditugu presoak ahaztu, ez dituzte gure memoriatik ezabatu, egun bat bera ere ez. Eta horren froga hemen dugu, ekitaldi honen bidez", adierazi zuten Sareren ordezkariek Sutegiko ekitaldiaren hasieran.

Sostengu ekonomikorako baliatu zuten ostiraleko Sutegiko ekitaldian parte hartu zutenei eskerrak helarazi zizkien antolakuntzak; bai antolaketan nahiz hitzorduan parte hartu zuten sortzaileei, haientzako afaria sukaldatu zuten Oinarrizko Lanbide Heziketako irakasle eta ikasleei edota bertara joandako ikus-entzuleei. "Gaur hemen gaude, preso, erbesteratu, senide eta lagun guztiei ozen adierazteko, ez ditugula ahazten".

Desio batekin amaitu zuten aurkezpen ekitaldia. "Zeinen ederra izango den eguzki-izpiek beraien itzalak belarretan marraztuko dituen eguna. Lehenbailehen izan dadila".

Adi, Sareren datozen deialdi hauei:


Sareren hurrengo deialdiak
Abenduak 31, larunbata
11:00 Martuteneko espetxetik oinezko martxa.
19:30
Topa berezia frontoian.

Urtarrilak 7, larunbata
15:00 Autobus zerbitzua Oiardo Kiroldegitik, 17:00etan Bilbon Sarek deitutako mobilizaziora. Izen-ematea aurrez ohiko tabernetan: Txiribogan, Aitzagan, Txirristran eta Bordatxon.

Urtarrilak 27, ostirala
20:00 Azken ostiraletako mobilizazioa Mikel Laboa plazan.

Deitzailea: Usurbilgo Sare.