"Zuek nahiko lo egiterako Olentzero hortxe pasako da"

Noaua Aldizkaria 2022ko abe. 24a, 19:49

Etxez etxeko gaueko bira hasi aurretik gure artean izan dira bisitan Mari Domingi eta Olentzero.

Dena prest dute Mari Domingik eta Olentzerok haientzako urteko gau lanpetuenari ekiteko. Izan berri dira biak Dema plazan, Kalezartik barrena kalejiran gure artera heldu ostean. Harrera beroa egin diete herrikideek. Sutondoan, galtzagorriez inguratuak "ondo ondo pasa ezazue" desio izan diete Olentzero eta Mari Domingi agurtzera joandakoei.

Joandakoez oroitu nahi izan dute; "aurten ere mahaiaren bueltan esertzen ez diren bakarren batzuk falta zaizkigu, haien oroimenean gure besarkadarik handienak beren senideei eta ingurukoei. Aurrera segi beharra dago", gogorarazi dute. Falta direnez oroitzearekin batera, etxeko txikienen eguna dela nabarmendu dute gaurko hau. "Ikusten ditut hemen pila bat, zer nolako irribarrearekin, zer nolako begiradarekin, pozez, gaurko egunez zer jasoko duten zain. Zapatak txukun-txukun garbituta jarriko zituzten batzuk, hala esan didate". Haiei guztiei zuzenduta, Olentzerok eta Mari Domingik gogorarazi diete, "horiek jarrita dituzuenean, afaldu eta denok ohera joango zarete. Zuek nahiko lo egiterako Olentzero hortxe pasako da".

Ildo beretik mintzatu da Mari Domingi. "Ondo ondo portatu zarete?" galdetu die, baiezko borobila eman dioten haurrei. Hala izanda, "orain afaldu eta txintxo-txintxo ohera", gogorarazi die.

Esker oneko agertu dira biei harrera egiteko ekitaldia antolatu dutenekin. Etxaniz anaiek txalapartarekin girotuz ekin diote hitzorduari. Amaieran, etxeko txikienek gutunak helarazi eta Mari Domingi eta Olentzerorekin egoteko aukera izan dute.