Covid19ak jota igaro zuen herrikide kopuru handi batek urte hasiera. 2020ko martxoaz geroztik, inoizko kasu gehien, 682 guztira zenbatu zituen Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailak udalerri honetan. 100.000 biztanleko 14 eguneko intzidentziak ere goia jo zuen; 5580,22koa izatera heldu ginen (egun, 100en bueltan dugu), egun bakar batean 30 kasu berri baino gehiago izateraino. Aurreko hilabeteetako neurri murriztaileek indarrean segi zuten; establezimenduen itxiera 1:00erako, edukiera mugatua ekitaldietan... Eta haur eta gaztetxoek ezin taldeka kirola egin garai batean bezala.
Horregatik, aski zela esatera irten ziren Mikel Laboa plazara urtarrilean. Debeku gehiagorik ez dutela onartuko adierazi zuten, Eskola Kirolaren aldeko mobilizazioan parte hartu zuten hezitzaile, guraso, haur, eragile eta herrikideek. Eskaera argia plazaratu zuten: "Kirola egin nahi dugu". Ez ziren bakarrak; Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako herri eragile anitzek nahiz erakunde hainbatek txapelketok berreskuratzea galdegiten ari ziren aste haietan, eta Eusko Jaurlaritzak Eskola Kiroleko lehiaketak egitea baimendu zuen azkenean.
Ospakizun jendetsurik gabe
Hilabete honetako ospakizunak unean uneko testuingurura egokitu zituzten antolatzaileek. Ziortzak erregeen kabalgata Kaxkotik Urdaiagara bideratu zuen, geldialdirik gabe, eta frontoiko harrera ekitaldia bertan behera utzita. Donostia Eguneko bezperako danborradak ikastetxe barruan, publikorik gabe ospatu zituzten. Txotx bolada berria ere neurri murriztaileen artean abiarazi behar izan zuten bigarren urtez segidan.
Gainerakoan, lasai antzean joan zen hilabetean Etxealdiaren egoera aztertu eta auzoak dituen beharrei erantzuteko bidea lantzen hasi ziren auzotarrak eta Usurbilgo Udala. Bizi ohitura osasuntsuak sustatzea helburu zuen "Aktibatzen" prozesuari ere ekin zion Udalak, alor honetako eragileekin lankidetzan. Eskualde mailan, Beterri Buruntzako garapen agentzia osatu zuten ofizialki. Hobarien eskaintza zabalagoa ere indarrean jarri zuen Udalak urte hasieran, aurreko udazkenean onartu zituzten ordenantza fiskalei esker.
Oria garbitzeko auzolana
2021eko etenaldiaren ostean, Irisasi BTT Hotzak Akabatzen proba behintzat ospatu ahal izan zen. Dortsalak agortu zituen aldez aurreko izen-ematea itxi aurretik. Kulturgintzari dagokionez, Joxan Artze zendu zeneko laugarren urtemuga ere gogoan hartu zuten Mikel Laboa plazan. Balea Zuria argitaletxeak Joxan Artzeren poemak bildu eta antologia batean bildu zituen. Lan hauxe aurkeztu eta Oskarbi taldearen kontzertuaz gozatzeko aukera izan zen.
Sarek hileroko azken ostiraleko mobilizazioa deitu zuen; urtarrila hasieran ordea, bigarren urtez segidan, Bilbon manifestazio jendetsua egitea eragotzi zuen osasun krisialdiak. Horren ordez, herrietan mobilizatzeko deia egin zuen Sarek. Usurbilen, Kaxkoa zeharkatu zuen mobilizazioan batu ziren herrikideak.
Aztarrika gazte asanbladak errio bazterrak garbituz ekin zion urte berriari; aurreko hilabete eta erdian, Oriak bitan gainezka egin ostean. Hirugarrenez erriberak urpean hartu zituen urtarrila hasieran.
Erraustegitik ere berri gehiago jaso genituen; sutea biometanizazio plantan. "Segurtasunean dagoen porrot sistemikoaren" adierazlea zela salatu zuen GuraSOSek.
2022ko urtarrileko argitalpenak
Herrira Begira 45
Urtarrilaren 7ko 891. NOAUA!
Urtarrilaren 14ko 892. NOAUA!
Urtarrilaren 21eko 893. NOAUA!
Urtarrilaren 28ko 894. NOAUA!