2022ari gainbegiratua

Jai giroa bueltan, murrizketak eten zituzten otsailean

Noaua Aldizkaria 2022ko abe. 27a, 10:50

Osasun larrialdi egoera eta indarrean ziren murrizketak eten eta pixkanaka, garai bateko herri bizitza berreskuratzen hasi zen Usurbil 2022ko bigarren hilabetean.

Urtarrilean goia jo ostean, covid19 kasu berrien agerraldi kopuruak pixkanaka beherantz egin zuen otsailean, eta harekin noski, intzidentziak baita. Urtarrilaren 12an 100.000 biztanleko 14 eguneko ia sei milako intzidentzia izatetik (5580,22), otsailaren 27an 317,06koa izatera igaro zen udalerri hau. Urtarrileko egun batzuetan eguneko 30 koronabirus kasu berri baino gehiago izatetik, otsaila amaieran eguneko kasu bakarra izatera.

Eusko Jaurlaritzaren dekretuek eguneroko bizimodua baldintzatzeari utzi zioten, bai behintzat ordura arteko tamainan. Otsailean, EAEko Auzitegi Nagusiak covid19 ziurtagiria erabiltzen segitzea ukatu zion Jaurlaritzari. Ziurtagiriaren antzera, musukoak kalean erabiltzeko derrigortasuna ere bertan behera utzi zuten. Eta harekin, 2020tik murgilduak ginen osasun krisialdian zehar indarrean izandako osasun larrialdi egoera eta ordura arte indarrean ziren neurri murriztaileak.

Eta bi urteren ostean, garai bateko ospakizunak berreskuratu genituen otsailean; lurra gogotik astindu zuten Santa Ageda bezpera ospatu zuten ikastetxeek. Eta Inauteri Festa ere bueltan izan genuen! Bi urteren ostean, giro eguzkitsua eta jendetza batu zuen gai librean ospatu zen mozorro festak. Azkenekoz 2019an antolatu ziren Usurbilgo festak antolatzeari ekin zioten baita asteotan.

Herritarren lan berriak eta egongela plazan
Sortzaileak ditugun herrikideak ere albiste izan genituen, lan berriak argitaratu zituztelako; Odolaren Mintzoak "Hauskor" izeneko lana kaleratu zuen. Peru Galbetek udaberrian plazaratuko zuen "Beiratu" lan berriaren "Ura" abestiaren bideoklipa ezagutzera eman zuen. Itxaro Borda idazle baionarrak aurreko urtean, Udalbiltzak sustaturiko "Geuretik Sortuak" egitasmoaren baitan gure artean egindako egonalditik idatzi zuen "Gauak zuri Usurbilen" lana aurkeztu zigun Sutegin. "Hamazazpigarrenean aidanez" bilduman jaso zuten, Yolanda Arrieta eta Ugaitz Agirre herrikideen "Estekak" eta "Izaro izeneko printzesa eta krimen zoroangarriaren tesia" sortze lanekin batera.

Herrikideen sorkuntza lanez lasai ederrean gozatzeko, irakurtzeko, musika entzuteko, lagunarte giro goxoan biltzeko, aire libreko egongela zabaldu zuten NOAUA! K.E.-ren egoitza ondoko Sagardo plazan. Herritarrok erabiltzeko moduan zen eremua aurkeztu ziguten sustatzaileek; Usurbilgo Udalak eta Juntura kooperatibak. 2023an sartzeko moduan izango den egitasmo erraldoiagora ere bisita gidatua antolatu zuten; Matia Kalezarren eraikitzen ari den zaintzara bideratuko den auzune berrira hain zuzen. Aipatu fundazioko, Usurbilgo Udaleko eta Gipuzkoako Foru Aldundiko ordezkariak bildu zituen hainbat hedabideren arreta erakarri zuen hitzorduak.

Etorkizunera begirako beste proiektu baten berri ere jaso genuen lehen aldiz; parke eolikoa eraiki nahi dute Andatza hegoaldean; Ezkeltzun.

Potxoenean artean, jatorri ezberdinetako herrikideez osaturiko Aniztasun Kontseilua bildu zen estreinakoz. 2021ean zendutako Joxe Manuel Ikutzaren aldeko omenaldi eguna antolatu zuten baita, zaletasun nagusi zuen dardo txapelketen inguruan. 

2022ko otsaileko argitalpenak
Herrira Begira 46
Otsailaren 4ko 895. NOAUA!
Otsailaren 11ko 896. NOAUA!
Otsailaren 18ko 897. NOAUA!
Otsailaren 25eko 898. NOAUA!