2022ari gainbegiratua

Ukraina eta oroimen historikoa, martxoko hizpideen artean

Noaua Aldizkaria 2022ko abe. 27a, 10:48

Ukrainaren aurkako erasoaldiaren oihartzuna Usurbileraino heldu zen, herriak oroimenerako tartea hartu zuen urteko hirugarren hilabetean.

Mobilizatzeko hilabetea izan genuen urteko hirugarren hilabetea; hasteko, Martxoaren 8a. Usurbilgo Kafe Tertuliak deituta manifestazioa egin zuten herriko kaleetan barrena, Asteburu Morearen ostean. Mobilizazio gehiago baita asteotan; otsaila amaieran lehertutako Ukrainako gerra hotsak gure arteraino heldu ziren. Bost minutuko elkarretaratze isila egin zuten udaletxe atarian, Ukrainako herriari babesa adierazteko.

Aizpurua enpresakoen autobusetan haien sorterriko gerratik ihesi Iberiar Penintsulako beste txoko batzuetara zihoazen errefuxiatuen geltokia izan genuen udalerri hau. Une gogor bezain hunkigarriak bizi izan ziren. Udalak gai honen inguruko mozioa ere onartu zuen. Martxoaren 17ko osoko bilkura berean, Ukrainar errefuxiatuen harrera kudeatzerakoan, noiz eta nola lagundu ondo jakiteko beharraz mintzatu zen udal gobernu taldea.  

Hilabete amaieran eginiko martxoko bigarren osoko bilkuran, Usurbilgo udalbatzatik zenbait eskaera ere egin zituzten. MUGI tarifa sistema sozialagoak eta progresiboagoak izateko neurri multzoa hartzea galdegiten duen mozioa onartu zuten, Mendebaldeko Saharako gatazkari lotutako mozioarekin eta iruzurraren aurkako plana onartzearekin batera. Egitasmo gehiago ere onartu zituzten saio berean; Olarriondon "eko-auzoa" eraikitzeko hitzarmena lur-jabeen eta Udalaren artean. Zapategiko eremua garatzeko urrats berri bat onartu zuten baita tramitazio prozesuan. 

Oroimenerako tartea
Gertakarien atalari erreparatuz gero, gorpu bat agertu zen otsaila amaieran Andatzan. Kasu honekin lotura izan zezaketelakoan, hiru lagun atxilotu zituen Ertzaintzak martxoan. Andatzari begira den errepide nagusiari begira igaro genituen martxoko hainbat egun. N-634-an, Troia-Txikierdi artean egiten ari ziren lanak aurriekusi baino gehiago luzatu ziren eta zenbait uneetan Kaxkoko sarrerarainoko auto-ilarak izan genituen.

Oroimenari tartea egin zitzaion hilabete berean izan zen. Batetik, hiru herrikide ezagunen heriotza ekarri zigun martxoak; Jexux Mari Errekondo, Maitere Alkorta eta Mertxe Aizpurua Zeberiorenak. Memoria historikoa berreskuratzeko lanean ari den Usurbil 1936 elkarteak 1936ko gerran fusilatu zuten Joxe Mari Furundarena Begiristain aginagarra omendu zuen bere sorterriko hilerrian. Bere hilobian oroigarri bat jarri zioten, aurresku, lore eskaintza, errezitaldi eta hainbat kideren hitzen artean.

Topalekuak
Txoko berri baten irekiera ekarri zigun baita udaberrian murgilarazi gintuen hilabeteak; Artzabalen kokatua dagoen Gazte Lokalarena, Usurbilgo gazte mugimenduaren biltokiarena. Osasun krisialdiaren harira indarrean ziren neurri murriztaileengatik atzeratu behar izan zuten Gazte Egunaren baitan inauguratu zuten. Elkarguneez ari garela, Usurbil ONCE-ko kide helduenen eta Bergarako jubilatu elkartekoen topalekuan bilakatu zen hilabete berean.

Eskertzarako tartea hartu zuen Usurbilgo Odol Emaileen Elkarteak. Bi hilean behin izaten den odola emateko eguna egokitu zen 2022ko hirugarren hilabete honetan. Hitzordu horretan, odol emate kopuru ezberdinetara heldu diren hainbat herritar saritu eta eskertu zituen antolakuntzak.

Fase berrian
Auzoei erreparatzen badiegu, Santueneak etorkizuneko auzoa diseinatzeko 2021eko udaberrian abiarazitako prozesua fase berrian murgildu zen martxoan. Diagnosiari eskainitako tartea borobilduta, hurrengo urratsak definitzen hasi ziren. Antzeko unea bizi zuen urteko hirugarren hilabete honetan, zaintza ekosistema eredu propioa eraikitzeko herri hau jorratzen ari den bideak ere; arreta ereduaz eta horren bueltan "eraiki beharreko zaintza ekosistemaz" hausnartu ostean, eta prozesu horretatik landutako diagnosia eskutan, inplementaziorako bide-orria diseinatzen hasi ziren.

Zenbakiak
Kultur arloari dagokionean, eta garai bateko ekitaldien itzuleren urtea izan den honen baitan, Zumarteren Soinurbil Musika Astea ospatu zuten. 2020ko otsailetik isilik zen Kantu Taldea ere estreinakoz plazara irten zen abestera. Neonak estreinako diskoa kaleratu zuen; "Mundu berri bat". Bueltan zetozen herriko festak ekainaren 29tik uztailaren 3ra luzatuko zirela erabaki zuen Jai Batzordeak.

Bi albiste bi zenbakitan. Batetik, ordenantza fiskalen baitan Udalak onarturiko inoizko hobari eskaintza zabalenari erantzuten hasi ziren herritarrak; 45 onuradun lehen hilabetean. Bestalde, %87,27ko gaikako bilketa izan zuen Usurbilek 2021ean, inoizko emaitza onena, Usurbilgo Udalak atez ateko bilketaren 13. urtemugaren bueltan ezagutzera emandako datuen arabera.

Hilabete honen kontakizuna amaitzeko agerraldi bat; Zubietako eta Usurbilgo udal ordezkariek Gipuzkoako Batzar Nagusietan hartu zuten hitza, "Gipuzkoako udal barrutiak erregulatzen dituen foru-arauaren berrikuspenari buruz eztabaidatzeko Ponentzia" saioaren baitan.



2022ko martxoko argitalpenak
Herrira Begira 47
Martxoaren 4ko 899. NOAUA!
Martxoaren 11ko 900. NOAUA!
Martxoaren 18ko 901. NOAUA!
Martxoaren 25eko 902. NOAUA!