2022ari gainbegiratua

Korrika eta dantza batean heldu zitzaigun apirila

Noaua Aldizkaria 2022ko abe. 27a, 10:17

22. Korrikak eta 10. Dantza Egunak herri bizitza gogotik suspertu zuten apirilean.

Azken urte zailon ostean, zirrara handiz eta eskuzabaltasun handienarekin egin zion herri honek harrera, urtebeteko atzerapenez etorri zen 22. Korrikari. "Hitzekin" aldarripean eta lelo hau ardatz zuen abestia kantatuz eta dantzatuz, goizean goiz herria kalera atera zen euskararen alde lasterka bizi asko eta pozarren egitera.

Korrika berriz igaro eta haren bueltako hainbat ekintza izateaz gain, lasterketa hau zeharkatu zuen asteburu berean ospatu zen baita garai bateko formatura itzuli zen Dantza Eguna, kalejira, tranpaldo ireki eta gau parteko "Hamar" ikuskizunaren estreinaldiarekin. Orbeldik udaberrirako iragarritako ekitaldi zikloaren abiapuntua izan zen; Dantza Egunarekin batera, dantzari helduen topaketak ospatu zituzten apirila amaieran.

Zumarte Musika Eskolak beste musika eskola batzuekin egiten duen esperientzien trukaketa berreskuratu zuen hilabete berean; oraingo honetan Gironako "Orquestra Jove de la Selva"-koekin. Lehenbizi kataluniarrak izan ziren bisitan udalerri honetan, eta apirila amaieran Zumartekoak joan ziren Girona aldera. Musika kontuekin segita, Peru Galbetek "Beiratu" lan berria plazaratu zuen. 

Itzuleren atal hau borobiltzeko, apirileko oporralditik ikasgelara buelta ezohikoa izan zen, musukorik gabe eta aurreko bi urteetako "burbuilak" deseginda. Musukoaren erabilera derrigortua eten zuen Espainiako Gobernuak; soilik osasun eta garraio zerbitzuetan mantendu zuen. 

Herrikideak estatu mailako txapelketetan
Garaipen bat kirol arloan; jubenil nesken euskal selekzioak Murtzian jokatutako Espainiako Txapelketan zilarrezko domina eskuratu zuen. Tartean ziren hiru herrikide: jokalarien artean, Udane Makazaga Estella. Taldeko bi hautatzaileak ere usurbildarrak ziren; Mikel Alzaga Martinez eta Xabat Beloki Segurola. Espainiako Txapelketa jokatu zuen bestalde Bartzelonan, Usurbil K.E.-ko jubenil mutilen taldeak.

Duintasunaren alde
Lan-baldintza eta pentsio duinei lotutako albiste bana. Lan hitzarmen duin bat galdegiteko Igepak-eko langileak greban izan ziren. Handik egun batzuetara akordio batera heldu ziren enpresako zuzendaritzarekin. Bestalde, ez zen lehen aldia; Potxoenean bildu ziren Hego Euskal Herriko pentsiodunen mugimenduko ordezkariak; besteak beste, ekainerako Bizikleta Martxa antolatzeko batu ziren Usurbilen.

Ingurumen arloko bi albiste; Usurbilgo biohondakina konpostean bilakatuko duen lehen baserria aurkeztu ziguten, Lartzandieta. Bestalde, Ezkeltzun parke eolikoa eraikitzeko aurreproiektua onartu zuen Eusko Jaurlaritzak.


2022ko apirileko argitalpenak
Herrira Begira 48
Apirilaren 1eko 903. NOAUA!
Apirilaren 8ko 904. NOAUA!
Apirilaren 29ko 905. NOAUA!