Itzuleren loraldia bizi izan genuen maiatzean. Sustrai sakonak dituzten hitzorduak bueltan izan genituen; hasteko Andatza Eguna hilabete hartako lehen igandean, jan-edan eta Zirimarako familia planarekin. Orbeldik apirilean abiarazitako 10. Dantza Egunaren bueltako zikloa borobildu zuen 3. Dantzari Txiki Egunarekin. San Ixidro Eguna ere jendartean ospatzeko aukera izan genuen maiatzaren 15ean eta astebete beranduago, aurten bai, Sagardo Eguna behar bezala bizitzeko aukera izan zuen herri honek. 25 urte beteak zituen NOAUA! Kultur Elkarteak izan zuen egunari hasiera emateko ohorea.
Sagardo festaren lekukoa hartu zuen astebete beranduago Jexux Artze Kultur Elkarteak estreinakoz antolaturiko Txalaparta Egunak. Elkarteari izena ematen dion herrikidea omendu zuten, zendu zeneko 20. urtemugan.
Tarte horretan, lehen aldiz baita, Itzulia Women-eko emakumezko txirrindularien birak N-634 errepidea zeharkatu zuen bitan eta bi martxa ere egin ziren; bat Usurbildik Orion egitekoa zuten Euskal presoen eskubideen aldeko ekimen egunera Sarek antolatuta. Bigarrena, Erraustegiaren Aurkako Mugimenduaren eskutik, "Erraustegia gelditu! Sistema aldatu, ez klima" aldarripean egin zuten Lasarte-Oria eta errausketaren zero gunea lotu zituen martxa girotua.
Ingurumen gaiekin segita, energia berriztagarrien komunitatea eraikitzen hasteko prozesuari ekin zioten Sutegin. Eta hilabetea ikusmina eragin zuen bisitari batekin agurtu genuen; Sutegin izan zen Joseba Sarrionandia.
Txapeldunak
Garaipenen atalean, Usurbil K.E.-ko alebinen taldeak Gipuzkoako txapelketa irabazi zuen. Miriam Arrillagak "Frontball" lehian txapeldunorde amaitu zuen. Pagazpek ezker paretako modalitatean txapeldun eta trinketean txapeldunorde Frantzian jokaturiko Handia Tour lehian. Beñat Lizaso Euskal Pilota Egokituko Gipuzkoako txapelketan nagusitu zen. Nahia Zudaire munduko igeriketa txapelketarako sailkatu zen bigarrenez.
Udal egitasmoei dagokienez, hilabete hartako udalbatzarrean, Olarriondon etorkizuneko "eko-auzoa" eraikitzeko sektoreko jabeen eta Udalaren arteko hirigintza hitzarmena behin betiko onartu zuten, baita Kalezarren Matia eraikitzen ari den zaintzadun etxebizitzen eremua handitzeko aldaketa ere. Herriko jubilatu elkarteekin hitzarmenak berritzeari ere baiezkoa eman zioten eta udalerri honetan eukaliptoa landatzea debekatzen zuen mozioa ere onartu zuten.
Zenbaki borobil bat; Alkartasuna Kooperatiba 500.000. tiketa fakturatzera heldu zen.
2022ko maiatzeko argitalpenak
Herrira Begira 49
Maiatzaren 6ko 906. NOAUA!
Maiatzaren 13ko 907. NOAUA!
Maiatzaren 20ko 908. NOAUA!
Sagardo Eguneko gehigarria
Maiatzaren 27ko 909. NOAUA!