2022ari gainbegiratua

Lanketa prozesu hainbaten plazaratzea eta ohiko jaien itzulera ekainean

Noaua Aldizkaria 2022ko abe. 28a, 09:49

Ikasturtean zehar herrian abian izandako prozesu hainbat ezagutarazi ziren ekainean eta 2019az geroztik ohiko moduan ospatu ezin izan ziren jaiak berreskuratu genituen.

Ezohiko moduan hasitako ikasturtea, osasun krisialdi aurreko moduan amaitu ahal izan genuen ekainean. Ikastetxeek ikasturte amaierako jaialdiak berreskuratu zituzten. Zubietako eskolan esaterako UdaFest ekimen zikloaren bidez. Udarregiren kasuan, Ikastolari eskainitako astea antolatu zuten. Koxme Yagüez Beristain Usurbilgo maixua, 1936ko gerran fusilatu zuten herrikideetako bat oroitzeko baliatu zuten hitzorduetako bat, Usurbil 1936 elkartearekin eta Udalarekin lankidetzan. Haren omeneko plaka bistaratu zuten ikastolan.

Urte garai honetako herri eta auzoetako festak berreskuratu genituen hilabetea izan zen ekaina. Kalezarko San Joanak lehenbizi, auzotarren nahiz haurren jolas, San Juan bezperako eske, oilasko biltzaile txiki edota kontzertu gauekin. Odol-emaileen elkarteak abiarazitako Usurbilgo jaiak heldu zitzaizkigun gero; bost egunez, dantza, musika eta jan edota edateko hamaika hitzordurekin. Guztia, Potxoenea izkinetik zelatan genuen maskotaren begiradapean.

Maskotaren egile bera du ekainean Bizkarreko parkean inauguratu zuten eskulturak ere. Jokin Eizagirre Sagardia sortzailearen "Lurra Eman" artelana inauguratu zuten hilabete haren hasieran, koronabirusak hildakoen alde Udalak Bizkarreko parkean egokitu zuen oroimen gunean.

Prozesuen plazaratzea
Zenbait prozesu ezagutarazteko hilabetea izan zen baita ekaina. Aurreko ikasturtean zehar Potxoenean abiarazitako lanketan geldialditxoa egin eta ordura arte jorraturikoa plazaratzea erabaki zuen Usurbilgo Kulturgunea eraikitzen ari ziren norbanako eta eragileek. Elkarren arteko harremanak estutu eta bideratzen duten sorkuntza lana ezagutzera emateko Kultur Azoka antolatu zuten ekainean, herriko ekoizleen postu, desfile eta ekintza gehiagorekin. Sortzaileotako batentzat, Joseba Tapiarentzat izan da urtero Donostia Kulturak banatzen duen 2022ko Adarra Saria.

Beste prozesu bat, kasu honetan, auzoaren etorkizuna diseinatzeko Santuenean bideraturikoan bizilagunek osaturiko Auzo Plana aurkeztu zuten auzotarren aurrean. Ikasturte berean Zumartek eskola barruan landutakoa ere kalera atera zuen. Abesbatza eta musika instrumentu ezberdinen taldeek emanaldi sorta ederra eskaini zuten ZumartEgunean.

Aldarriak martxan
Euskararen erabilera suspertzeko bi ekimen izan genituen ekainean; eragileak urte amaierako Euskaraldira begira lanean jarri ziren. Herritik kanpo ere oihartzuna izan zuen ekintza egin zuen bestalde Aztarrika Gazte Asanbladak Decathlonen, erosketak euskaraz egin ahal izatearen alde. Beste aldarri bat, kasu honetan pentsio duinena bizikleta martxa batean ekarri ziguten Hego Euskal Herriko pentsiodunen mugimendukoek.

Martxa bizian igaro ziren baita, aspaldiko tenperatura altuena izan genuen egunetako batean ospatu zen 2. Uxue Trail mendi lasterketa solidariorako izena emanda zeuden bostehunetik gora partehartzaileek. Handik gertu, Arkaitzerrekara begira hasi ginen berriz; uztaileko isurketaren aurretik, ehunka arrain hiltzea eragin zuen 2020ko maiatzeko amonio isuriaren hondamendiari lotutako ikerketa zabaltzea agindu zuen Donostiako epaitegi batek.

Ekaineko gainbegirada borobiltzeko urtemuga gogoangarri bat; 1997ko uholdeen 25. urtemuga bete zen ekainaren lehenean. 


2022ko ekaineko argitalpenak
Herrira Begira 50
Ekainaren 3ko 910. NOAUA!
Ekainaren 10eko 911. NOAUA!
Ekainaren 17ko 912. NOAUA!
Ekainaren 24ko 913. NOAUA!
Usurbilgo jaiei buruzko gehigarria