2022ari gainbegiratua

Akaberarik gabeko hondamendi berria Arkaitzerrekan uztailean

Noaua Aldizkaria 2022ko abe. 28a, 09:27

Kutsatua agertu zen berriz uztaila erdialdean, Zubietako erraustegi ondotik igarotzen den Arkaitzerreka.

Festa giro betean hasi eta amaitu genuen uztaila; ekin Usurbilgo jaiekin. Amaitu Zubietakoekin. Santioen atarian ordea hilabeteotan zeresana eman duen Arkaitzerrekara begira jarri gintuen eguneroko jardunak. 2020ko maiatzean ehunka arrain hil zituen erraustegitik isuritako amonioak. Epaitegietan da auzia. Orduko hartan arrainak hil eta oraingoan, erreka bera beste behin kutsatua agertu zen uztailaren erdialdean.

Isurketaren berri izan eta gutxira, Usurbilgo Udalak eta Erraustegiaren Aurkako Mugimenduak ur-laginak hartu zituen laborategian aztertzera eramateko. Emaitzak jaso berritan, Errausketaren Aurkako Mugimendua oso kezkatuta agertu zen. "Urgentziazko analisi horiek erakutsi dute Arkaitzerrekan 2022an aurkitutako kutsadura hau handiagoa dela 2020ko maiatzean aurkitu zena baino". Ildo beretik mintzatu zen baita azalpenak exijitu zituen Usurbilgo Udaletik. "Ezohiko maila oso altuak jaso dira kloruroetan, amonioan, konduktibitatean eta DQOn (Oxigenoaren Eskaera Kimikoa)". 

Handik egon gutxira mobilizazioa egin zuten Zubietako plazan erantzuleei argibideak eskatzeko. Galdera zuzena egin zioten Gipuzkoako Ahaldun Nagusiari: "Zer ari da gertatzen Zubietako erraustegian?".

Hilabete amaieran GuraSOSek berri eman zuenez, uztailaren 14an fiskaltzaren aurrean aurkezturiko salaketa tarteko, Gipuzkoako Ingurumen Probintzia Auzitegiko fiskalburuak ikerketa jarri zuen martxan, uztailaren 13az geroztik Arkaitzerrekan gertatutakoa aztertu eta balizko kutsaduraren egilea nor zen zehazteko. 

Bizilagun batek gertatzen ari zenaz ohartarazi zuenetik apartsu eta gorritsu, zeharo kutsatua egon da Arkaitzerreka hilabeteotan. Bertara begira ginela heldu zen beste ingurumen arazo bati lotutako albiste kezkagarria; Udalak Ucin lantegiari jarritako ingurumen baldintzen aurka agertu zen epailea.

Tren geltoki berria
Udala aipatuta, uztaileko osoko bilkuran hiru mozio onartu zituzten; Melillaren sarraskiari buruzkoa, Errefuxiatuen Egunari lotutakoa eta Osakidetzako murrizketak salatu zituena. Tren geltoki berria eraikitzeko hitzarmena itxi zuela berri eman zuen baita udal gobernu taldeak eta ia milioi erdi euro gehiago zituela herri inbertsio ezberdinetarako.

2040ra begira jarri gintuen bestalde, Udalak, UEU-k eta Jakin-ek antolaturiko UEU-ren Udako Ikastaroen baitako "EH2040: demografia, lurraldea, zaintza eta hizkuntza" Jakin Jardunaldiak Artzabalen.

NOAUA! K.E.-ren Udajolasek parte hartze marka hautsi zuen. Hurbilagoren Tonbolak ere inoizko saritu gehien izan zituen.

Herriko kirol taldeak oporraldi betean zela ospatu zen Haranen edota Zubietan bestalde, Donosti Cup. Hilabete honetan ere garaipen bat; Espainiako eskubaloi selekzioak Europako Junior Txapelketa irabazi zuen. Jokalarien artean zen Eneko Furundarena herrikidea.

Sarek Euskal Herrian barrena antolaturiko bizikleta martxa igaro zen baita Usurbildik ere. 


2022ko uztaileko argitalpenak
Uztailaren 1eko 914. NOAUA!
Uztailaren 8ko 915. NOAUA!
Uztailaren 15eko 916. NOAUA!
Uztailaren 22ko 917. NOAUA!