Herri Topaketak

"Bi arnas" proiektuaren aurkezpena eta proiekzioa gaur

Noaua Aldizkaria 2022ko abe. 29a, 07:00

Torturaren gaia jorratzen duen ikus-entzunezkoa aurkeztu eta proiektatuko dute gaur Sutegin.

“Bi arnas” torturaren gaineko testigantza bat da, bidegabekeria baten isla eta sekula eskaini ez den elkarrizketa bat". Gaur ezagutuko dugu Donostiako Zinemaldiaren baitan, Zinemira atalean ikusgai izan zen egitasmo hau Sutegin.

Jon Mikel Fernandezek zuzendutako ikus-entzunezkoa 19:00etan proiektatuko dute egunotarako antolatu dituzten Herri Topaketen baitan. "Bi dira protagonistak: ama, Maria Nieves Diaz, eta alaba torturatua, Iratxe Sorzabal. Biek ala biek, bakoitzak bere modura, torturak eragiten duen arnas falta sufritu dute, beste hainbat sufrikariorekin batera. Lehenak, bere azalean pairatu du bizitzarekiko behin-behineko etena. Bigarrenak, berriz, bere parte izan zen alabaren gorputzean. Bi arnas ikusezin horiek ikustarazi nahi ditu historia honek, bi itolarri horiek, sufrimendu bikoitz hori. Kasu honetan, amaren ahotik eta bizipenetatik, baina alabak bere azalean sufritutakoa ardatz hartuta, eta ahal den neurrian Iratxeren ahotsa ere entzunaraziz".

Herri Topaketak
Abenduak 29, osteguna
19:00 "Bi arnas" proiektuaren aurkezpena eta dokumentalaren proiekzioa Sutegin.

Abenduak 30, ostirala
19:00 "Egia bide, askatasuna amets" ekitaldia frontoian.

Abenduak 31, larunbata
19:30 Preso, iheslari eta deportatuen aldeko topa berezia Dema plazan.

Urtarrilak 7, larunbata
17:00 "Etxera bidea gertu" Sareren manifestazioa Bilboko La Casillatik. 15:00etan autobus zerbitzua Oiardo Kiroldegitik. Izen-ematea ohiko tabernetan.
Autobus zerbitzua Usurbildik. 

Antolatzaileak: Ernai, Aitzaga elkartea eta Usurbilgo Sortu.