Ugartondoko obretako komunetako ur zikinak Aranerrekara isuri dituztela salatu du Anerreka Ingurumen Elkarteak

Noaua Aldizkaria 2022ko abe. 29a, 13:04

Ugartondoko obrako komunetako ur zikinak Aranerrekara isurtzen jardun dutela salatu du Anerreka Ingurumen Elkarteak eta salaketa aurkeztu du udal erregistroan.  2018tik Ugartondo auzuneko etxebizitzak eraikitzen ari den “Jaureguizar eraikuntza enpresak” ur zikinak Aranerrekara isuri dituela esan du Elkarteak: “aldageletarako baliatzen dituen kabinetako konketa, dutxa eta komunetako urak eta gainerakoak, zuzenean isuri ditu errekara”. Egoera hau ikusita, argazkiak atera eta joan zen abenduaren 19an udal erregistroan salaketa aurkeztu zuen Anerreka Ingurumen Elkarteak.

Abenduaren 20an, Aranerrekako urak “zuri-zuri” zeudela gaineratu du Elkarteak Puntapaxeko zubi ondotik behera. Hain zuzen, Ugartondo auzune berriko kaleetako euri-urak errekaratzen diren gunetik behera. Isurketa hau, Ugartondoko obretatik porlanez nahastutako urak bota zituztelako gertatu zela esan du Anerreka Ingurumen Elkarteak.

 

Euri-jasa handiak izaten direnean, errekaren albotik doan ur beltz edo zikinen hodiak gainezka egiten du, eta, arketek ere gainezka egiten dutenez, ur guztiak, zikinak barne, parkera ateratzen dira, eta azkenean errekan bukatzen dute. Azkenekoa joan zen azaroaren 21ean izan zen, parkeko oinezkoen pasealekua ixtea eragin zuena. Arazo hau, are gehiago korapilatuko dela uste du Anerreka Elkarteak Ugartondo auzunea bizilagunez betetzen doan heinean, hodi horretatik joan behar baitute, handik isuriko diren ur zikinek. Udalaren utzikeria salatu du Anerreka Elkarteak eta 2016az geroztik egoera hau gertatutako zirela jakinda neurri zuzentzaileak hartu ez izana leporatu dio. 

 

Isurketa kutsakorrak etengabe jasaten ari da Aranerreka Elkartearen ustetan, baina bere ekosistema berreskura dezan, ez dagoela inolako planik esan dute. Honetaz jabetzeko errekaren albotik ibilaldi bat egitea nahikotzat jo dute, bere ibilguaren lehengoratzea eragozten duten oztopoak zenbat diren ikusteko: ormigoizko presak, ez dakigu nora doazen hodiak, ….. Aranerrekak hainbat isurketa sufritu dituela gaineratu dute. Axolagabetzat hartu dute Usurbilen ingurumen gaiekiko dagoen egoera eta Aranerrekak ezkutatu ezin dena erakusten duela esan dute: “utzikeria”. Udal baimenetan, paperean, baldintzak ondo xehe zerrendatu eta argudiatzea egokitzat jo du Ingurumen Elkarteak, baina gero horiek nola gauzatzen diren ikuskatzeko denborarik ez hartzea leporatu dio Udalari:  “errekaren muinaren gaitza osatzeko asmorik eta dirurik ez, baina azala osatzen duen ingurua, ormigoia eta galipotarekin koloreztatzeko bada denbora, dirua eta baliabideak”.

 

Azken urteotan, isurketa salaketak sarritan aurkeztu dituzte Anerreka Ingurumen Elkarteko kideek, baina arazoak konpontzeke jarraitzen duela azpimarratu dute: “2016tik promesa asko egin dira, hemeroteka da lekuko, baina tajuzko azterketa integral bat ez da sekula egin. Kudeaketa Integralerako Plana behar du errekak, gune urbanoak erabat inguratuta egoteak, ekosistema hori oso hauskor bilakatzen du, eta babes neurriak ondo zehaztuta jasotzea behar beharrezkoa da”.

 

Azken bi legealdietako Udal Planetan, jasota dauka Udal gobernuak honakoa: Aranerreka garbitu. Denbora horretan “Jaureguizar eraikileak” ur beltzekin galanki zikindu eta kutsatu du erreka, eta Udala konturatu ere ez dela egin jakinarazi du Elkarteak: “isurketa larri hauek direla eta Jaureguizar eraikuntza enpresari dagokion zigor-espedientea irekitzea eskatzen dugu, eta, zigor-espediente horren izapidetzean dauden berrien informazioa Anerreka Ingurumen Elkartearen esku jartzea”.

 

Ingurumenaren zaintza, paperean eta “titular handinahiekin” erabili beharrean, “benetan eta behingoz”, bere agendan kontutan hartzen hasteko eskaria luzatu dio Anerreka Ingurumen Elkarteak Udalari.