2022ari gainbegiratua

Oroimenerako beste gune bat berreskuratu zuten irailean

Noaua Aldizkaria 2022ko abe. 29a, 21:52

1936ko gerran fusilamenduen eremuetako bat izandako Irubide oroimenerako gunea dugu irailaz geroztik.

Oroimenerako gune berri bat berreskuratu zuen herri honek irailean. Irailaren 18an 86 urte bete ziren tropa faxistak Usurbilen sartu zirenetik. Egun horretan bertan, 1936ko gerran Irubiden fusilatutakoak ekarri zuten gogora eremuan bertan, oroimenerako eskultura bat inauguratzearekin batera. "Tiroz hil eta gero, malkar batean botata utzi omen zuten gizon pila", hala diote orduko lekukotzek. Horregatik, "toki mingarri hau askatasun demokratikoen defentsarako, bake eta bizikidetzaren balioak transmititzeko eta oroitzapenerako gunea izatea nahiko genuke", adierazi zuten Usurbil 1936 elkarteak antolaturiko ekitaldian, Usurbilgo udalbatza osatzen duten hiru taldeek. Eragile eta erakundeetako ordezkariak, Irubiden fusilaturikoen senideak eta hainbat herrikide bildu zituen iragan irailaren 18ko ekitaldiak.

Salaketa gehiago
Arkaitzerrekari begira segi genuen hilabete honetan. Kutsatua segitzen zuen erreka "hesitu" zuten kutsadurari nolabait "eutsi" nahian. Zubietako erraustegi ondotik igarotzen den erreka honetan gertatzen ari zena salatu zuten, urte luzez egin duten moduan, giza kate bidez Kontxako Banderaren bigarren jardunaldi egunean. Zubietako eta baita Bergaran eraiki nahi duten hondakin industrialen erraustegiak geratzea exijitu zuten.

Erraustegiaren Aurkako Mugimenduak deitu zuen mobilizazioa. Artean, GuraSOSek agerraldi bidez Zubietako tratamendu plantako transformadore nagusiak "konponbiderik gabeko" matxura izan zuela ohartarazi zuen. 

Festarik festa
Uda giro beteko festa giroan segi genuen urteko bederatzigarren hilabete honetan, jendetsuak izan ziren Santueneko jaiekin. Akerra gaztetxe berrituari eskainitako eguna ere ospatu zuten Txokoalden, auzoko frontoia bete zuen afariarekin. Hilabete amaieran Aginagako festetan murgildu ginen.

0,0ko intzidentzia
Belaunaldi arteko etxebizitza komunitarioa, Ugartondon eraikitzen amaitzear duten Txirikordaren bueltako jardunaldiak egin zituzten Potxoenean. Egitasmoa bera interesdunei ezagutarazi eta antzeko esperientziak entzuteko aukera izan zen baita.

Guztia, bi urteren ostean, lehenbiziko aldiz, ikastetxeek covid19 protokolorik gabeko ikasturtea hasi zuten egunetan. Koronabirusari lotutako zenbaki esanguratsu bat; 0,0koa izatera heldu zen birus honen intzidentzia iraila amaieran.

N-634 
Ohiko ordutegira itzuli ziren garraio zerbitzuak %50 merketu zituzten. Udalerri hau N-634 errepidetik barrena zeharkatzen dute hainbat garraio zerbitzuk. Berriro errei bat itxi zuten Troia-Txikierdi artean hobekuntza lanengatik. Eta errepide horretan, iraila amaierako arratsaldeetako batean bi ezbehar izan ziren ordu-erdiko tartean.

Ordenantza fiskalak
Ez izoztea, baina ezta %10aren bueltan zebilen KPI-a aplikatzea ere. Udal egitasmoei dagokienez, iraila amaierako udalbatzarrean datorren urte berrirako zerga, tasa eta prezio publikoak %1,5 igotzea erabaki zuten.


2022ko iraileko argitalpenak
Herrira Begira 51
Irailaren 9ko 918. NOAUA!
Irailaren 16ko 919. NOAUA!
Irailaren 23ko 920. NOAUA!
Irailaren 30eko 921. NOAUA!