"Turismo identitario, eraldatzaile eta aktibo bat sustatu nahi dugu". Erronka honen bueltan aurkeztu zuten jendaurrean, azken urtebetean Jon Maia herrikide nahiz eragileekin lantzen aritutako "650 Usurbil Bizi" egitasmoa. Epe luzerako ikuspegia jorratzen duen proiektu honen baitako lehen ekimenak ere iragarri zituzten: webgunea, totem-a, Ez Dok Amairuri eskainitako baso magikoa edota otarra.
Jai giroko asteburuak
Ohiko festen denboraldiaren itzulera Aginagan agurtu genuen. Bi astebururen bueltan ospaturiko San Praixkuetan, bertan jaiotako Txema Pikabeak idazle gisa jorraturiko ibilbidearen berri eman zuen, aginagarren artean egitekoak ziren galdeketa iragartzearekin batera. Ez ziren falta izan noski ohiko hitzorduak; afaria, oilasko biltzaileak, haur jolasak edota kontzertu gau jendetsuak.
Ospakizun asteburu bat bestearen atzetik bizi izan genuen urrian. San Praixkuen ondotik, Usurbil F.T.-k eta Usurbil K.E.-k harremanak estutu eta laguntza biltzeko antolatu zuten lau eguneko Garagardo Azokak hartu zuen herriko frontoia, eta astebete beranduago, euskarazko literatura guztion esku jartzen diharduen duela bost urte Usurbilen sorturiko Booktegi egitasmoaren aldeko jaialdia Sutegin, poesia errezitaldi herrikoi, kontzertu, tertulia eta antzezlanen bueltan.
Lehia bizian
Kirol albisteei dagokienez, 59. Endika Abril errebote txapelketaren final handia Zubietan jokatu zen; aurtengoan etxeko talderik gabe, lapurtarren artean. Amaieran, urte luzez bertako pilota elkartean eragiten aritu den Mikel Bengoetxea omendu zuten. Estreinakoz gainera, 2019. urtera arte irailean antolatu ohi zuten Baxurde Krossa urrira atzeratu zuten, bi urteko etenaldiaren ostean. Maddi Olaetxea eta Rosa Uribe herrikideak sailkatu ziren lehen hiru emakumezkoen artean. Beste bi emakumezko kıroları nazioarteko txapelketetara begira ziren. Miriam Arrillaga Biarritzen jokatzekoa zen munduko pilota txapelketa eta Esther Arrojeriak Eslovenian, Mazedonia iparraldean eta Montenegron Europako eskubaloi txapelketan parte hartu zuen estreinakoz, Espainiako selekzioarekin.
Bestelako lehia batean murgildua ibili zen baita Asier Azpiroz; Bertsolari Txapelketa Nagusian. Donibane-Garaziko finalaurrekoraino heldu zen zubietarra. Saizar Sagardotegia 2022ko Parrila Lehiaketa Nazionaleko txapeldun izendatu zuten.
Etxegabetzeen aurka
Izen propio hainbat izan zituen urriak. Batetik, Usurbilen jaiotako Pedro Sancristoval euskaltzain urgazlea zendu zen. Maria Angeles Otaegi 80 urteko herrikideak bizi zuen egoera bidegabea ere ezagutu genuen, etxekaleratzeen aurkako plataformakoen eskutik. "Ez dugu etxegabetze hau onartuko", hitz eman zuten. Usurbilen, herrikidea babestu eta etxegabetzeen aurka, belaunaldi arteko herri bilgunea osatu zuten estreinakoz Artzabalen egin zuten bileran.
Ehunekoak
Hilabete honetan ezagutarazi ziren zenbait zenbaki esanguratsu. Euskararen kale-erabileraren zenbatekoa ere ezagutu genuen; 8 puntu egin du gora azken urteotan, %54tik %62,8ra. Usurbilgo Udalak jakinarazitakoa. 2022ko lehen seihilekoan, %86,9ko gaikako bilketa izan zuen herri honek.
Hondakinen gaiarekin segita, kutsatua segitzen zuen Zubietako Arkaitzerrekak. Erraustegitik bertara isuritako kutsadura Loiolako araztegira eta handik itsasora desbideratzeko ponpaketa-sistema bat eraikitzeko baimena eskatu zuen Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioak (GHK) urria amaieran.
Bi udalbatzar
Hilabete amaiera hartan egin zuten baita udaletxean, urriko bigarren osoko bilkura. Bat ez, bi udalbatzar egin zituzten aste haietan, zein baino zein erabakigarriagoak. Usurbilgo Hiri Antolamenduko Plan Orokorra hasieraz onartu zuten hilaren 13ko ezohiko osoko bilkuran. Hilabete amaierako saioan, aldiz, urte amaiera honetan Santuenean egin duten galdeketari lotutako prozedura administratiboa eta aipatu auzotik proposatutako galdera onartu zuten. Baita Euskaraldira begirako mozioa ere, eta Txirikorda belaunaldiarteko etxebizitza komunitarioen baremazio eta esleipen prozedura araudia.
Etxealdia irisgarriago eta atseginagoa eraikitzeko Usurbilgo Udalak auzo honetarako dituen proposamenak aurkeztu zituen baita Potxoenean.
2022ko urriko argitalpenak
Herrira Begira 52
Urriaren 7ko 922. NOAUA!
Urriaren 14ko 923. NOAUA!
Urriaren 21eko 924. NOAUA!
Urriaren 28ko 925. NOAUA!