2022ari gainbegiratua

Herri elkartasuna eta zaintza hizpide azaroan

Noaua Aldizkaria 2022ko abe. 29a, 21:21

Herrikideen arteko zaintza hizpide izan genuen hainbat ekimenen bidez urteko azkenaurreko hilabetean zehar.

Artisau Azokarekin ekin genion azaroari. Postuen eremua Dema plazaraino antolatu du aurtengoan Aitzaga Elkarteak eta bertan, Elizaren horma parean egin zuten egun berean, etxegabetze arriskuan zen Maria Angeles Otaegi 80 urteko herrikidiearen aldeko elkarretaratzea, bera babestu eta halako bidegabekeriei aurre egiteko Usurbilen osatu zen herri bilgune berriak deitutakoa. Aztarrikak hilabete amaieran antolaturiko Gazte Egunean ere gai beraren bueltan elkarretaratzea egin zuen eta gazte asanbladakoek bildutako laguntza ere Otaegiri ematea erabaki zuten.

Aniztasuna plazaratzen
Ez zen azken aldian sortu zen talde bakarra. Azaroa hasieran jatorri guztietako herrikideak elkartu zituen Mundualdian, Usurbil harrera herri bilakatzea helburu izango duen Aniztasun Kontseilua aurkeztu zuten. Jatorri aniztasuna islatu zuen baita Karlos Zabala "Arrastalu"-k; Askatasuna plazaren 20. urtemuga baliatuta enparantza honetan lehendik sortuak zituen hainbat irudi berritu edo osatu baitzituen.

Herri harresia kutsadurari
Uztailaz geroztik sarritan hizpide izan genuen Arkaitzerrekara bisita gidatua antolatu zuen Erraustegiaren Aurkako Mugimenduak. Erraustegitik erreka honetara isuritako kutsadura Donostiako Zurriola ondora desbideratu nahi zutela salatu zuen bestalde GuraSOSek, Gipuzkoako hiriburuko aipatu hondartzan barrena egin zuen manifestazioan. Babes-harresi "sendo eta garaiezina" altxatu zuten milaka lagunek; tartean ziren, itsasoan aritzen diren hainbat kirolari ezagun.

Kulturalditik Euskaraldira
Etxe hau, NOAUA! Kultur Elkartea saritu zuen Tokikom-ek, antolatua zuen Kulturaldiari ekitear zela. Kultur arloko albisteekin segita, Mikel Telleria kantariak Zumetaren omenez ondutako diskoa aurkeztu zuen Txikierdiko estudioan. Kalakan taldeak kontzertu ederra eskaini zuen Aginagako Eliza Zaharra elkargunean. Kantu giroan egin zitzaion harrera bestalde, hitzez ekitea helburu zuen 3. Euskaraldiari. Milatik gora lagunek eman zuten izena norbanako gisa, baita 30 entitateek ere.

Zaintza Azoka
Zaintza ekosistema propioa eraikitzeko herri hau jorratzen ari den bidearen baitan, orain arte egindako lanketa plazaratu zuten Zaintza Azokaren bidez. Astebete beranduago Usurbilen egin zuten 6. Bizipoza jardunaldia. Bertan aurkeztu zuten, Amagoia Mujika Telleriak idatzitako “Munduak guztiontzat beharko luke, baina ez da” liburua.

Mobilizazio bikoitza egun berean
Bi mobilizazio gurutzatu ziren azaroaren 25ean; Sarek hilero azken ostiraletan deitzen duena (emakumezko presoen egoera hizpide izan zuena) eta Indarkeria Matxistaren Aurkako Eguna izanik, Kafe Tertuliak antolaturikoa. Usurbilgo Puntu Beltzak identifikatzeko lanketa bideratu zuen Usurbilgo talde feministak aste haietan.

Udaletik...
Urrian hasieraz onarturiko Hiria Antolatzeko Plan Orokorra (HAPO) herriratzen hasi zen Usurbilgo Udala. Hainbat aurkezpen saio eta erakusketa antolatu zituen. 2023rako udal aurrekontu proposamenak aurkeztu eta ekarpenak biltzen aritu zen udal gobernu taldea auzoz auzo. Etorkizunera begira, datozen lau urteotarako "Aktibatzen" izeneko jarduera fisikoaren eta kirolaren plan estrategikoa aurkeztu zuten. Azken urtebetean Udala, eragileak eta herritarrak bidelagun izan dituen prozesuaren emaitza izan da.

Heriotza
Azaroko izen propioetako bat; Manu Aranbururena. Herrigintzari oso lotua, zinegotzi izandakoa, mugimendu komunistan eta ekologistan buru-belarri eragiten aritutakoa zendu da 69 urterekin.

2022ko azaroko argitalpenak
Azaroaren 4ko 926. NOAUA!
Azaroaren 11eko 927. NOAUA!
Azaroaren 18ko 928. NOAUA!
Azaroaren 25eko 929. NOAUA!