2022ari gainbegiratua

Lehen auzo galdeketa egin da, ohiko gabon giroa bueltan ekarri digun abenduan

Noaua Aldizkaria 2022ko abe. 29a, 21:14

Aldarri ezberdinak tarteko, auzoak eta ohiko eran ospatzeko moduan bueltatu diren eguberriak izan ditugu hizpide urteko azken asteotan.

%46a, horixe izan zen Santueneko eskubaloi kantxaren etorkizunari lotutako galdeketak sustatu zuen parte hartzea. Ezezkoa nagusitu zen, aipatu eremua orain arte bezala uztearen aldeko bozkak izan ziren gehienak, abenduaren 17an. Auzo batek hitza hartu duen lehenbiziko aldia izan da.

Abenduan ere nabarmentzeko moduko beste zenbaki bat badugu; "gizartearen egungo erronkei erantzuteko" 2023rako 13.168.200 euroko udal aurrekontuak hasieraz onartu zituzten iragan asteko udalbatzarrean.  

Begirune eske
Santuenekoaz gain, aldarrikapen gehiago ere izan dira asteotan beste auzoetan. Txokoalden, bertan egin nahi duten tunelaren proiektua hobetzeko alegazio sorta aurkeztu zituen Txokoargi elkarteak eta Udalak batera agerraldi bidez hilabete hasieran. "Txokoalderekiko begirunea eskatzen dugu", adierazi zuten.

Euskaraldiaren amaierarekin hasi genuen hilabetea, Euskararen Eguna aldarrikatu zuten Udarregi Ikastolako ikasleek kantuan eta jolasean. Egun gutxira, jakinarazi zen Joan Mari Torrealdai Bekaren lehen edizioko saritua; aurkezturiko 13 proiektuetatik Oier Guillan eta Idoia Beratarbideren  'Artxibo biluzia' izenekoaren alde egin zuten Udalak eta Jakin-ek.

Ohiko moduan berriz
Gabon giroko dinamikekin agurtzen ari gara urtea. NOAUA! K.E.-k herri ekoizpenari gorazarre egin zion San Tomas Azokarekin hasi genituen ospakizunak abenduaren 18an. Egun berean elkarretaratzea egin zuten Maria Angeles Otaegiren kasuaren harira, bidegabekeria amaitu zela berri emateko. Halere ohartarazi zutenez, "gaurkoan Maria Angeles izan da baina bihar beste edozein izan daiteke".

Mobilizazio gehiago ere izan ditugu; tartean, Osakidetzaren defentsan EAE osoko osasun zerbitzuen atarian elkarretaratzeak deitu zituzten sindikatuek abenduaren 22an. Usurbilen ere langile eta herritar talde bat mobilizatu zen anbulatorio aurrean.

Udarregi Ikastolak eta Zubieta zein Aginagako eskolek nahiz herri eragileek antolaturiko urte garai honetako kantu saioak izan ditugu; tartean, Sarek urtarrilaren 7ko Bilboko manifestaziori begira herriko sortzaileekin antolaturiko kontzertua Sutegin edota Zumartek antolaturiko belaunaldi arteko topaketa gabonetako kantu saioarekin eta abesbatzen emanaldia.

Dantzan ere joan zaizkigu azken asteak; Kpop taldekoen eta Orbeldikoen euskal dantza tradizionalen erakustaldiekin. 

Olentzero zein Mari Domingini harrera egiteko ekitaldiak izan genituen iragan astean, San Tomas eguneko ospakizunekin batera. Gabonetako Haur Parkea eta Herri Topaketak izan ditugu egunotan. Hurbilago San Silbestre herri lasterketak agurtuko du 2022a. Eta haren ostean egingo den otarren banaketa erraldoiarekin; "650 Usurbil Bizi" egitasmoko otarrak zozketatuko dituzte ostiralean. Zozketa honen bezperatan sinatu dute NOAUA! K.E.-k eta Usurbilgo Udalak aipatu proiektuaren bueltako lankidetza hitzarmena. NOAUA!-k dinamizatuko du "650 Usurbil Bizi" egitasmoa, hastear dugun 2023tik aurrera.


2022ko abenduko argitalpenak
Abenduaren 2ko 930. NOAUA!
Abenduaren 16ko 931. NOAUA!
Abenduaren 23ko 932. NOAUA!
Gabonetako gehigarria