Urte berriari ongi etorria emateko suziriak jaurtitzeko ohitura handia izan ohi du batek baino gehiagok. Oraingo honetan ordea, kontu handiz ibili beharko dela ohartarazi du Euskalmet meteorologia agentziak. Baso-sute arriskuagatik eta haizeagatik abisu horian egongo gara asteburuan. Ostiral honetan, abenduaren 30ean, haizeguneetan, "hego-mendebaldeko haize-boladek haizeguneetan 100 km/h-ko abiadura gaindi dezakete". Baita larunbatean zehar ere, igande goizaldeko 9:00ak arte. Urteko azken egun horretan, haizeguneak ez diren tokietan ere abisu horia indarrean izango da bihar egun osoz. "Hego/hego-mendebaldeko haize-boladek haizeguneak ez diren tokietan 80 km/h-ko abiadura gaindi dezakete". Baso sute arriskuagatik ere abisu horia egongo da indarrean larunbat osoan zehar igande goizaldeko 3:00ak arte. "Hego-osagaiko haizearen ezaugarriengatik, baso-sute arriskua handia da", nabarmendu dute Euskalmet-etik.
Usurbilen, haizea bai, baina udaberri giro betean igaroko dugu asteburua. Egun eguzkitsuak datozkigu. Gaur, "goizaldean zerua oso hodeitsu edo estalita egongo da; goizean hodeiak gutxituko dira. Egunaren bigarren zatian ostarteak. Goizaldean han-hemenka euri txikia egingo du, goizean atertzera egingo du. Hego-mendebaldeko haize bizia ibiliko da, bolada gogorrekin eta oso gogorrekin; egunaren amaieran haizea indartu egingo da. Tenperatura maximoak nahikoa igoko dira".
Bihar, "zerua hodei gutxirekin edo partez hodeitua egongo da, erdi mailako hodeien eta goi-hodeien tarteekin. Hego/hego-mendebaldeko haize bizia ibiliko da, bolada gogorrekin eta oso gogorrekin; egunaren bigarren partean indarra galduko du. Tenperaturak berdin jarraituko du edo gutxi igoko da".
2023ko lehen egunean, "zerua partez hodeitua egongo da, erdi mailako hodeiekin eta goi-hodeiekin. Arratsalde-gauean hodeiak ugaritu egingo dira. Hego-osagaiko haize bizia ibiliko da, bolada gogorrekin eta oso gogorrekin. Gauean indarra galduko du. Tenperatura minimoak gutxi edo nahikoa jaitsiko dira. Tenperatura maximoetan aldaketarik ez".
Informazio eguneratua hemen: euskalmet.eus