Abenduko eta urteko azken ostirala gaur, hilaren 30a. Ez da ordea Sarek deitutako elkarretaratzerik izango iluntzean Mikel Laboa plazan. Urte garai honetarako ekimen ezberdinak iragarri ditu ordea. Duela astebete herriko sortzaileekin emanaldi berezia eskaini zuten Sutegin. Asteburu honi begira beste bi hitzordu, urtea agurtzeko; larunbat goizean manifestazioa Martuteneko espetxetik eta iluntzean topa berezia frontoian.
Gogoan izan bestalde, mobilizazio jendetsua iragarri du Sarek urtarrilaren 7an Bilbon. "Etxera bidea gertu" aldarripean antolatu duten manifestazioa La Casillatik abiatu eta Bizkaiko hiriburuko udaletxerantz joko du.
Hara joateko autobus zerbitzua antolatu du Usurbilgo Sarek. Egun horretan, hilaren 7an arratsaldeko 15:00etan abiatuko da Oiardo Kiroldegi paretik. Autobus zerbitzurako izena aurrez eman ahalko da Txiribogan, Aitzagan, Txirristran edo Bordatxon. "Urtarrilaren 7an, Bilboko kaleak duintasunez, bizikidetza lortzeko itxaropenez eta euskal presoei eta haien familiei eragiten dieten urraketen ondorioz giza eskubideak errespetatzeko exijentziaz beteko ditugu". Duela zazpi urte sortu zenetik egin duen moduan, Saretik adierazi dutenez, "urtarrilaren 7an, eta aurrerantzean, gure ahalegin guztiak egingo ditugu espetxe-politika arrunta aplika dadin, eta behin betikoz, orain arte aplikatu izan den salbuespen egoera amai dadin".
Sareren hurrengo deialdiak
Abenduak 31, larunbata
11:00 Martuteneko espetxetik oinezko martxa.
19:30 Topa berezia frontoian.
Urtarrilak 7, larunbata
15:00 Autobus zerbitzua Oiardo Kiroldegitik, 17:00etan Bilbon Sarek deitutako mobilizaziora. Izen-ematea aurrez ohiko tabernetan: Txiribogan, Aitzagan, Txirristran eta Bordatxon.
Urtarrilak 27, ostirala
20:00 Azken ostiraletako mobilizazioa Mikel Laboa plazan.
Deitzailea: Usurbilgo Sare.