Abisu horian

Zuhaitz bat erori da Santuenea eta Zubieta lotzen dituen bidean

Noaua Aldizkaria 2022ko abe. 31a, 14:25
Argazkia: Xingola Usurbil.

Udal brigada bidea garbitzeko lanean ari zen, albiste honi atxikitako argazkia atera duen unean. Gogoan izan, atzotik abisu horian gara haizeagatik eta sute arrisku handiagatik.

Xingola Usurbil sare sozialetako erabiltzaile eta herrikideak helarazitako argazkia duzue albiste honi atxikitakoa, Santuenea Zubietarekin lotzen duen bidean ateratakoa. Zuhaitz bat erori da larunbat honetan. Argazkia ateratzeko unean, udal brigada bidea garbitzeko lanean zebilen.

Gogoan izan, atzotik abisu horian gara haizeagatik eta sute arrisku handiagatik. Eta hala segiko dugu igandera arte; sute arrisku handiagatik igande goizaldeko 3:00ak arte, haizeagatik haizeguneak ez diren tokietan gauerdira arte. "Hego-osagaiko haize-boladek haizeguneak ez diren tokietan 80 km/h-ko abiadura gaindi dezakete", ohartarazi du Euskalmet meteorologia agentziak.

Haizeguneetan aldiz, igande arratsaldeko 18:00ak arte indarrean segiko du kolore bereko abisuak. "Hego-osagaiko haize-boladak haizeguneetan 80-100 km/h-koak izan daitezke goizaldearen hasieran, eta 100 km/h ingurukoak egunaren erdialdeko orduetan". Haizeguneak ez diren tokietan, aldiz, "haize-boladak 60-70 km/h ingurukoak izan daitezke goizaldearen hasieran eta 70-80 km/h ingurukoak egunaren erdialdeko orduetan". Igandeko azken orduetan, "haizeak indarra galduko du eta Kantauri isurialdean mendebal/ipar-mendebaldera egingo du".

Datozen egunotarako iragarpena
Giro honekin urteko azken egun honetan Usurbilen, "zerua hodei gutxirekin edo partez hodeitua egongo da, erdi mailako hodeien eta goi-hodeien tarteekin. Hego/hego-mendebaldeko haize bizia ibiliko da, bolada gogorrekin eta oso gogorrekin; egunaren bigarren partean indarra galduko du. Tenperaturak berdin jarraituko du edo gutxi igoko da".

Urte berriko lehen egunean, "Zerua partez hodeitua egongo da, erdi mailako hodeiekin eta goi-hodeiekin. Arratsalde-gauean hodeiak ugaritu egingo dira. Hego-osagaiko haize bizia ibiliko da, bolada gogorrekin eta oso gogorrekin. Gauean indarra galduko du. Tenperaturan aldaketarik ez..".

Astelehenean, "egunaren lehen zatian zerua oso hodeitsu edo estalita egongo da; eguerditik aurrera hodeiak gutxituko dira. Egunaren lehen zatian euri txiki-ertaina egingo du; eguerditik aurrera atertzera egingo du. Mendebal/ipar-mendebaldeko haize ahul-bizia ibiliko da, bolada gogor batzuekin egunaren lehen zatian; gauean aldakor eta ahul geratuko da. Tenperatura nahikoa edo nabarmen jaitsiko da".

Informazio eguneratua hemen: euskalmet.eus