Lasterketa bizia, tokiko merkataritzaren eta ostalaritzaren alde

Noaua Aldizkaria 2022ko abe. 31a, 19:17

Bizi asko zeharkatu du herri erdigunea, Hurbilago San Silbestre herri lasterketak. Urtea izerdi patsetan amaitu du Usurbilek, tokiko merkataritzaren eta ostalaritzaren aldeko ekimenarekin.

Bi urteko etenaldiak gaztetu egin du eta sasoiko itzuli da plazara, Hurbilago San Silbestre herri lasterketa. Ehunka lagun atera dira tokiko ostalaritzaren eta merkataritzaren alde korrika egitera. Bizi asko gainera, Mikel Laboa plazan abiatu den unetik bertatik.

Urtea jai giroan agurtu dute tokiko saltokien alde. Eta mozorrotuta. Inoiz baino mozorrotu gehiago ikusi ditugu herriko kaleetan barrena; tartean, amaieran saritu duten gabonetako zuhaitz eta opari sorta ibiltari bat ikusi ahal izan dugu.

Udaberri giro beteko arratsaldea izan dute bidelagun lasterkariek, herriari eman dioten bira bikoitzean. Lagun arte eta familia giro betean joan da 2022a agurtu duen azken ekimena.