Erregeak eta zinea, oporretan jarraitzen duten gaztetxoenentzat

Noaua Aldizkaria 2023ko urt. 2a, 09:17

Oporraldiko azken aste honetan ekimen gehiago iragarri dituzte haur eta gaztetxoentzat; erregeen kabalgata eta euskarazko zine zikloaren hasiera.

Oporraldi betean segitzen duten haur eta gazteotxenentzako aisialdi ekimenek segida izango dute datozen egunotan. Urtarrilaren 9an ikasgeletara itzuli aurretik, bi hitzordu antolatu dira haientzat herrian. Hasteko, ostegunean, urtarrilaren 5ean, erregeak helduko dira. Goizean postariak aurre hartuko die; gutunak biltzen ariko dira frontoian.

Arratsalde partean, 2020ra arte egin zitzaien etorrera ospatu ahalko da berriz ere, osasun krisialdiak baldintzatu dituen aurreko bi urteen ostean. Gogoan izan, 2021ean eta 2022an kabalgataren noranzkoa aldatu behar izan zuten, unean uneko testuingurura egokitzeko. Urdaiagan hasi eta herriko biraren ostean, kalejira frontoian amaitu ordez, Munalurran hasi eta Urdaiaga aldera abiatu ziren, indarrean ziren neurri murriztaileak tarteko, geldialdirik egin gabe. Eta harrerarik ere ez zitzaien egin Meltxor, Gaspar eta Baltasarri. 

Egungo egoera oso bestelakoa da. Neurri murriztailerik ez da indarrean eta beraz, garai bateko kabalgata ospatzera itzuliko da herri hau. Ziortza Gazte Elkarteak antolatuta, Urdaiagatik abiatuko dira hilaren 5ean arratsaldez. Kaxkorantz etorriko dira, eta herri erdiguneko bira frontoian amaituko dute, garai bateko ohiko harrera ekitaldiarekin. Etxeko txikienek erregeekin egoteko aukera izango dute.

Zinea euskaraz
Garai bateko ohiko kabalgatarekin batera, euskarazko film proiekzioen zikloa berriz martxan jartzea erabaki du Udalak. Negu partean, hilero lehen igandeetan Sutegi betetzen zuten gaztetxoenek hitzorduotan. 2023a estreinatzearekin batera jarriko da martxan berriz. Abiatzeko "Barraskiloa eta balea eta itsasoko beste ipuin batzuk" izenburua daraman filma eskainiko da kultur-etxeko auditorioan; hilaren 8an, 17:00etan.

Sarrerak aurreko edizioetan bezala 3 eurotan eskuratu ahalko dira aurrez usurbilkultura.eus plataforman. "Barraskilo batek mundua ikusi nahi du, eta balea baten isatsera igotzen da. Elkarrekin sekulako bidaia egingo dute, eta izotz-puskak eta sumendiak zeharkatuko dituzte". Hortxe 57 minutuko iraupena izango duen ikus-entzunezkoaren abiapuntua.

HAURRENTZAKO EKIMENAK
Urtarrilak 5, osteguna
Erregeen kabalgata:
11:30 Erregeen postaria gutunak biltzen frontoian.
17:00 Erregeen kabalgata.
19:00ak aldera, harrera ekitaldia frontoian.
Antolatzailea: Ziortza K.E.

Urtarrilak 8, igandea
17:00 Haurrentzako zinea euskaraz Sutegiko auditorioan."Barraskiloa eta balea eta itsasoko beste ipuin batzuk". 
Sinopsia: "Barraskilo batek mundua ikusi nahi du, eta balea baten isatsera igotzen da. Elkarrekin sekulako bidaia egingo dute, eta izotz-puskak eta sumendiak zeharkatuko dituzte".
Iraupena: 57 minutu.
Sarrerak: 3 eurotan aurrez usurbilkultura.eus plataforman.
Antolatzaileak: Usurbilgo Udala eta Ziortza G.E.