"Etxera bidea gertu" aldarripean manifestazioa deitu du Sarek larunbaterako, urtarrilaren 7rako Bilbon. 17:00etan abiatuko da La Casillatik udaletxerantz eta ohi bezala, Usurbilgo Sare taldeak arratsaldeko 15:00etan Oiardo Kiroldegitik abiatuko den autobus zerbitzua antolatu du Bizkaiko hiriburura joateko. Garraio zerbitzu honetan izena emateko zerrendak jarriak dituzte dagoeneko Txiribogan, Aitzagan, Txirristran eta Bordatxon.
"Urtarrilaren 7an, Bilboko kaleak duintasunez, bizikidetza lortzeko itxaropenez eta euskal presoei eta haien familiei eragiten dieten urraketen ondorioz giza eskubideak errespetatzeko exijentziaz beteko ditugu". Duela zazpi urte sortu zenetik egin duen moduan, Saretik adierazi dutenez, "urtarrilaren 7an, eta aurrerantzean, gure ahalegin guztiak egingo ditugu espetxe-politika arrunta aplika dadin, eta behin betikoz, orain arte aplikatu izan den salbuespen egoera amai dadin".
Garai bateko mobilizazio jendetsua berreskuratuko du Sarek larunbatean Bilbon. Aurreko bi urteetan ezin izan da manifestazio hau egin, osasun krisialdia tarteko, indarrean ziren neurri murriztaileengatik. Horregatik, unean uneko egoerara egokitzeko Bilbotik herrietara eraman zituen Sarek salbuespenezko espetxe politika behingoz etetea eskatzea helburu zuten mobilizazioak. Hala, 2021 eta 2022 urteetako urtarrileko hitzorduok Usurbilen egin ziren.
Kantuz girotzen
Bilboko manifestaziora begira, "Kantuz etxera bidera gertu" ekitaldi berezia antolatu zuen Usurbilgo Sarek abenduaren 23an Sutegin. Hitzorduak herriko sortzaileak batu zituen. Bertsoak, poesia errezitaldia, eta nola ez, euskal kantutegian ezagunak ditugun abestiak aurkeztu zizkiguten kultur-etxeko auditorioko oholtza gainetik Usurbilgo artixtek.
Sareren hurrengo deialdiak
Urtarrilak 7, larunbata
15:00 Autobus zerbitzua Oiardo Kiroldegitik, 17:00etan Bilbon Sarek deitutako mobilizaziora. Izen-ematea aurrez ohiko tabernetan: Txiribogan, Aitzagan, Txirristran eta Bordatxon.
Urtarrilak 27, ostirala
20:00 Azken ostiraletako mobilizazioa Mikel Laboa plazan.
Deitzailea: Usurbilgo Sare.