Egunotako azken ekitaldiak (erregeen kabalgata edota haurrentzako zine zikloaren hasiera) igarota, eta opor egunok amaituta, nabarmen egingo du beherantz antolaturiko hitzorduen eskaintzak.
Baina badira nabarmentzeko moduko zenbait ekimen. Batetik, Joxan Artzeren heriotzaren bosgarren urtemuga. Urtarrilaren 12an beteko den bosgarren urtemugaren harira, "Isturitzetik Tolosan barru" ikus-entzunezkoa proiektatu eta aurkeztuko dute Sutegin hilaren 15ean. Iñaki Urruzolak Udalaren laguntzaz ekoitzitako proiektu “xume honen funtsa Euskal Kulturgintza hizki handiekin eratzen lagundu zuen Joxan Artzeren obra ezagutzera ematea da”. Izenburu bereko Artzeren poema-liburuan oinarritua dago. Segidan, Urruzolarekin eta Iratxe Retolaza literatura-kritikari eta ikertzailearekin solasaldia iragarri dute. Jexux Artze K.E.-k eta Usurbilgo Udalak antolaturiko proiekziorako gonbidapenak doan jaso ahalko dira usurbilkultura.eus plataforman edo Lizardi liburu-dendan.
Erraustegiaren kutsadura, Interneteko arriskuak, biodantza, familia barruko arauak...
Tailer eta hitzaldiak ere izango ditugu. Batetik, Erraustegiaren Aurkako Mugimenduak antolatutako "Erraustegiaren kutsaduraz azken berriak" ekitaldia hilaren 13an. Kutsadura neurtzeko ToxicoWatch fundazio holandarrak eginiko iazko azterlanaren emaitzak aurkeztuko dituzte. Horrekin batera, EHU-ko Kimika fakultateko ikasle ohi Malen Azpiazu Zubeldia herrikideak gai honen inguruan egin duen Gradu Amaierako Lana: "Metal astunen determinazioa erraustegiaren inguruko goroldio laginetan".
Usurbilgo Udaleko Parekidetasun Sailak bestalde, biodantza eta "Aprender a quererse y a cuidarse bien" ikastaroak antolatu ditu urteko lehen hiruhileko honetarako. Urtarrilaren 9ra arte eman daiteke izena parekidetasuna1@usurbil.eus helbidean edo 943 377 110 telefono zenbakian.
Gaztelekuak eta Hitz Aho Udarregi Ikastolako guraso elkarteak "Arauak eta mugak familian. Nola ezarri modu asertibo batean" izeneko bi saio antolatu dituzte hilaren 12an eta 19an Potxoenean haur eta nerabeen gurasoentzat. “Familian harreman orekatua, osasungarria eta onuragarria izateko beharrezkoa den egitura nola izan landuko dugu, horretarako lagungarriak izango zaizkigun arauak eta mugak jartzen ikasiz”. Izen-ematea usurbilkultura.eus plataformaren bidez bideratuko dute, edo helbideotara idatzita ere apuntatu ahalko da: gaztelekuausurbil@gmail.com / hitzaho@udarregi.eus
Hitz Ahok beste solasaldi bat ere antolatu du urtarrilaren 26rako; "Interneteko arriskuak eta ziberseguru jokatzeko aholkuak" izenekoa. Biharamunean, zaintza ekosistema eredu propioa eraikitzeko bidean hirugarren hitzaldia antolatu dute, "zaharrak gara eta libre" mahaingurua kasu honetan.
Irisasi BTT Hotzak Akabatzen
Urtarrila amaitzeko, hileroko Sareren mobilizazioa eta ikastaroko klaseei hilaren 9an (18:00etan Agerialdeko musika gelan) ekin ostean, Usurbilgo Euskal Kantu Taldeak antolaturiko kantu-jira urtarrilaren 28an. Hilaren 29an, Irisasi BTT Hotzak Akabatzen proba. Izen-emateak zabalik segitzen du kronoak.com atarian. 500 lagunentzako lekua duten arren, jada 400 lagunetik gora apuntatuak daude.