Lerrootan duzue, urte berrian sartzearekin batera Usurbilgo Udalak indarrean jarria duen 2023. urteko egutegi fiskala. Egutegi hau, iraila amaierako udalbatzarrean onartu zuten hasieraz, 2023ko ordenantza fiskalekin batera. Abenduaren 7ko Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratu zuen iragarkian jakinarazi zuen Udalak, behin betiko onartuak zituela, 30 egunez zabalik izan zuten epean erreklamaziorik jaso ez eta gero.
%1,5eko igoera
Ez izoztea, baina ezta %10aren bueltan dabilen KPI-a aplikatzea ere. Tarteko bidearen aldeko apustua egitea proposatu zuen udal gobernu taldeak 2023a begira ordenantza fiskal hauen aurkezpenean, iraileko udalbatzarrean. Urte berrirako zerga, tasa eta prezio publikoak "KPIaren oso azpitik igotzea" hain zuzen; %1,5-a, irailaren 29ko osoko bilkuran EHBilduk berri eman zuenez. Hasieraz onartu zituzten gehiengo osoz udal gobernu taldearen babesarekin. EAJ abstenitu zen, PSE-k aurka bozkatu zuen.
Bi salbuespen
Tarteko bide honen aldeko apustua egin du udal gobernu taldeak aipatu moduan, Udalari ere bete-betean eragin dion neurrigabeko prezioen gorakada tarteko, udalaren oreka ekonomikoa eta herritarrei eskaini beharreko zerbitzu publikoen kalitatea bermatze aldera. %1,5eko igoeratik kanpo geratzen diren bi salbuespen. Batetik, Buruntzaldeako lau udalek (Usurbilgoarekin batera, Andoain, Lasarte-Oria eta Urnietakoak) urtero adosten dituzten kirol zerbitzuetako prezioak eta abonuak. Kasuotan, %2ko igoera aplikatuko dute. Bigarren salbuespenak ur-hornidurari lotutako hiru tasei eragingo diete. Iaz, akats tekniko batengatik aurten %1,5eko igoera aplikatu beharrean %3ko igoera aplikatzea erabaki zuten. 2023ra begira beraz, %1,5eko igoera aplikatu beharrean, hiru tasa hauek izoztea erabaki du udal gobernu taldeak.
%1,5eko igoera orokorraren harira, Udaletik ohartarazi dutenez, "egoera zailetan inor atzean edo bazterrean utzi gabe, ahalegin berezia egingo da hobariak jasotzeko eskubideak eta aukerak zabaldu eta ezagutu arazteko".
Atzera begirakoa
Amaitzear duten 2019-23 legealdi honetan zehar, ordenantza fiskalei lotuta aurrez hartu izan diren erabakien errepasoa egin zuen udal gobernu taldeak iraila amaierako udalbatzarrean. Legealdi hasieran, duela hiru urte, 2020ra begira zuhurtzia printzipioa aplikatu eta urte hartako KPI-aren igoera aplikatzea erabaki zuten. Urtebete beranduago, osasun krisialdi betean ginela, ordenantza fiskalak izoztu zituzten, zergen ordainketa atzeratzeko aukera eskaini eta erabiltzen ez ziren zerbitzuengatik ez kobratzea erabakitzearekin batera.
Iaz, aurtengora begira, %1,5eko igoera planteatu zuten, %3an zen KPI-aren azpitik, baina herritarrek eskura zitzaketen hobarien eskaintza nabarmen zabaltzea erabaki zuten. "%50-%90 artekoak, ur, hondakin, estolderia, hileta, baratzen erabilera eta kirol instalazio (abonuez gain, lehen aldiz ikastaroetan), Haur Eskola zerbitzuetan eta Udajolasen". Iaz bezala, aurtengoan ere %1,5eko igoera planteatu dute, KPI-a egun %10aren bueltan dabilenean.
2023. urteko egutegi fiskala
-Urtarrilak 2-31: Asteroko merkatuaren erabilpen tasa - aurreko urteko 4. hiruhilekoa.
-Otsailak 1-martxoak 1: Ura ,estolderia eta hondakinak - aurreko urteko 4. hiruhilekoa.
-Martxoak 1-apirilak 17: Trakzio mekanikozko ibilgailuen zerga.
-Apirilak 3-maiatzak 2: Asteroko merkatuaren erabilpen tasa - urteko 1. hiruhilekoa.
-Maiatzak 2-ekainak 1: Ura, estolderia eta hondakinak - urteko 1. hiruhilekoa.
-Maiatzak 15-uztailak 4: Ondasun higiezinen gaineko zerga.
-Uztailak 4-abuztuak 1: Asteroko merkatuaren erabilpen tasa - urteko 2. hiruhilekoa.
-Abuztuak 1-irailak 1: Ura, estolderia eta hondakinak - urteko 2. hiruhilekoa.
-Irailak 1-urriak 2: Espaloian zehar ibilgailuak sartzea (badoa).
-Urriak 2-azaroak 10: Ekonomi jarduera gaineko zerga.
-Urriak 2-31: Asteroko merkatuaren erabilpen tasa - urteko 3. hiruhilekoa.
-Azaroak 2-abenduak 1: Ura, estolderia eta hondakinak - urteko 3. hiruhilekoa.
-Azaroak 2-30: Bide publikoaren erabilera pribatibo edo aprobetxamendu bereziagatik tasa (beladoreak, kutxazain automatikoak...).
-Azaroak 2-30: Emakida administratiboak (atxega jauregia, udal baratzak...).
Informazio gehiagorako, abenduaren 7ko Gipuzkoako Aldizkari Ofiziala.