2023a begira

Oiardo Kiroldegia, urte berrira begira

Noaua Aldizkaria 2023ko urt. 4a, 08:17

Urte berriari ekin diote Usurbilgo kirol instalakuntzetan ere, erronka eta egitasmo ezberdinen bueltan.

Aurtengoari begira, "espazio ezberdinen konponketa eta eguneratzeekin jarraitzeaz gain, inbertsio esanguratsu bat izango dugu, Haraneko belar artifiziala berritzeko 250.000 euroko diru partida bat aurreikusi baitugu 2023ko aurrekontuetan", Usurbilgo Udaletik ohartarazi dutenez.

Ordenantza fiskalak hasieraz onartzeko iraila amaieran egin zuten udalbatzarrean azaldu zuten moduan bestalde, "kontuan izanda kuotak Buruntzaldeko gainontzeko kideekin adostutakoak direla, aurten abonamenduek %2ko igoera izango dute. Aipatu beharra dago, erabaki hau hartu genuen unean, Hego Euskal Herriko KPIaren igoera %10 ingurukoa zela, eta beraz, igoera hau kopuru horren oso azpitik dagoela". Horrekin batera, iaztik zerga, tasa eta prezio publikoei aurre egiteko hobarien eskaintza zabaltzea onartu zuen Udalak. Besteak beste, baita kirol jarduera ezberdinei lotutako ikastaroetarako ere. "Saiakera berezia egin nahi dugu Kirol eta Jarduera Fisikorako sarbidea errazteko, eta iaz hartutako hainbat neurri bide horretan doaz. Besteak beste, abonamendu zein ikastaroetan, hobariak eskatzeko aukera zabalik duzue".

"Gugan izandako konfiantza eskertu nahi genizueke"
Itxi berri duen urteaz balantze gozoa egin du Udalak. "Kiroldegiko jarduna normaltasunez gozatzeko aukera izan dugu".  Eta bide horretan da baita kirol instalakuntzen erabilera maila ere. "Ikastaroetako zein sarrera libreko datuen arabera, erabiltzaile kopurua berreskuratuz goaz, eta horregatik, gugan izandako konfiantza eskertu nahi genizueke". Horrekin batera, iaz egindako hobekuntzen errepasoa ere egin dute erabiltzaileei bidalitako gutunean. "Alde batetik, Oiardoko kamara sistema berritu dugu eta harreran altzari berriak egokitu ditugu. Bestetik, hurrengo urteetako biodeorria izango den Kirolaren eta Jarduera Fisikoaren plan estrategikoa burutzeko lana aurrera eraman dugu". Lanketak emandakoa usurbil.eus/aktibatzen atarian kontsultatu dezakezue.

Hobekuntza gehiago ere bideratu dituztela gaineratu dute. "Kiroldegiko kanpo zelaia herritarren erabilerarako ireki dugu, kiroldegi atzean kalistenia parke bat instalatzen ari gara Udarregi Ikastolarekin lanketan, epe motzean komun irisgarri bat irekiko dugu Oiardoko sarreran, harrerako kontrol sistema txukundu dugu edo giharketa gelako makinaria berritzeari ekin diogu besteak beste".

Aurtengora begira, hemen Oiardo Kiroldegia noiz irekiko duten, horri buruzko xehetasunak:

Oiardo Kiroldegia
Ordutegia urtean zehar:
-Lanegunak: 7:00-12:30/14:30-22:00 (Igerilekuaren itxiera ordua: 12:15/21:30).
-Larunbatak: 09:00-21:30 (Igerilekuaren itxiera ordua: 21:15).
-Igandeak eta jai egunak: 9:00-13:30 (Igerilekuaren itxiera ordua: 13:15).

Udan (uztaila, abuztua):
-Lanegunak: 7:00-13:00/15:30-20:15 (Igerilekuaren itxiera ordua: 12:45/20:00).
-Larunbatak, igandeak eta jai egunak: 9:00-13:00 (Igerilekuaren itxiera ordua: 12:45).

Itxialdi egunak
Urtarrila: 1, 6.
Maiatza: 1.
Uztaila: 2, 3.
Abuztua: 7-20.
Abendua: 24, 25, 31.
Oharra: gainerako jai egunetan, igandeetako ordutegian zabalduko dute Kiroldegia.

Informazio gehiagorako:
943 37 24 98
kirola@usurbil.eus
bpxport.es
Facebook: @oiardokiroldegia
Twitter: @oiardokiroldegi