Badatoz erregeak

Noaua Aldizkaria 2023ko urt. 5a, 10:03

Ziortza gazte elkartekoen eskutik, goizean erregeen postaria gutunak biltzen ariko da frontoian. Arratsaldean helduko dira biharko protagonistak, ohiko moduan egingo den kalejiran.

Badatoz Meltxor, Gaspar eta Baltasar. Oraingoan, bi urteko osasun krisialdia igarota, neurri murriztailerik gabe, garai batean bezala. Hasteko ostegun goizean postariak aurre hartuko die halere; gutunak biltzen ariko dira frontoian.

Arratsalde partean, 2020ra arte egin zitzaien etorrera ospatu ahalko da berriz ere, osasun krisialdiak baldintzatu dituen aurreko bi urteen ostean. Gogoan izan, 2021ean eta 2022an kabalgataren noranzkoa aldatu behar izan zuten, unean uneko testuingurura egokitzeko. Urdaiagan hasi eta herriko biraren ostean, kalejira frontoian amaitu ordez, Munalurran hasi eta Urdaiaga aldera abiatu ziren, indarrean ziren neurri murriztaileak tarteko, geldialdirik egin gabe. Eta harrerarik ere ez zitzaien egin Meltxor, Gaspar eta Baltasarri. 

Egungo egoera oso bestelakoa da. Neurri murriztailerik ez da indarrean eta beraz, garai bateko kabalgata ospatzera itzuliko da herri hau. Ziortza Gazte Elkarteak antolatuta, Urdaiagatik abiatuko dira hilaren 5ean arratsaldez. Kaxkorantz etorriko dira, eta herri erdiguneko bira frontoian amaituko dute, garai bateko ohiko harrera ekitaldiarekin. Etxeko txikienek erregeekin egoteko aukera izango dute.


Urtarrilak 5, osteguna
Erregeen kabalgata:
11:30 Erregeen postaria gutunak biltzen frontoian.
17:00 Erregeen kabalgata.
19:00ak aldera, harrera ekitaldia frontoian.
Antolatzailea: Ziortza K.E.