Tokitan

Jon Uli: "Oso esperientzia aberasgarria izaten ari da"

Noaua Aldizkaria 2022ko abe. 2a, 11:30

Mexikora eraman dute ikasketek Jon Uli txikierditarra. Urte erdi pasatzera joan da bertara eta bizitzen ari den esperientziak bizimodua ulertzeko beste ikuspegi bat eman dio. NOAUA!rekin izan da esperientzia honen nondik norakoak partekatzeko.

NOAUA! Noiztik zaude Mexikon eta zertara joan zara bertara?

Jon Uli: Duela ia 3 hilabete iritsi nintzen Mexikora, abuztuak 9an, hain zuzen ere, Udaren zati handi bat Euskal Herrian aprobetxatu ondoren. Enpresen administrazio eta zuzendaritzako laugarren egiten ari naiz Donostiako EHU unibertsitatean eta Erasmus programa aprobetxatuz, ikasketen azken urte honetan atzerrian egon nahi nuela garbi neukan. Nire asmoa ikasturte osoa latinoamerikan pasatzea zen, baina urte osoa geratzeko aukera Europan soilik eskaini zidatenez, lekuari eman nion lehentasuna, eta seihileko batez egongo naiz kanpoan. Izan ere, Euskal Herritik eta bere inguruetatik erabat ezberdina den gune batean bizitzeko interesa neukan, eta horrez gain, bertako jendea bereziki atsegina eta irekia dela entzunda nuen. Ezaugarri hori gogoko dudanez, Mexikora etortzea erabaki nuen.

JON ULI

"Meridara, Yukataneko hiriburura etortzea erabaki nuen. Mexikoko hiririk beroenetako bat da"

Zein hiritan zaude?

Mexiko izugarri handia da eta bertako hainbat hiri ezberdinetan ikasteko aukera neukan, Mexiko Hirian, Meridan, Guadalajaran edota Pueblan adibidez. Meridara, Yukataneko hiriburura etortzea erabaki nuen. Hiria hautatzeko orduan, segurtasunari eta kokalekuari eman nien garrantzia, bereziki. Mexiko orokorrean ez da herrialde segurua, baina aurretik bertan bizi izan diren lagun batzuei esker jakin nuen Merida bai dela arriskuari erreparatuta, lasai bizi daitekeen hiri bat. Bestalde, Mexiko ezagutu eta bidaiatzeko ondo kokaturik dagoen hiri batera joan nahi nuen, eta ikusita Mexikotik ezagunenak egiten zitzaizkidan paisaiak hiri honek ondo biltzen zituela, hona etorri nahi nuela argi neukan. Gaur egun, esan dezaket bidaiatu ahal izateko aukera asko eskaintzen dituen eta oso ondo komunikatuta dagoen hiria dela. Hala ere, Mexiko osoko hiririk beroenetako bat da eta hilabetearen arabera beroa gehiegizkoa da. Horrez gain, ordu konkretu batzuetan moskito pila bat dabiltza eta egonezina eragiten dute.

 

 
 

"Gelakideak eta Meridako hiritarrak irekiak eta atseginak dira"

NOAUA! Hilabete batzuk badaramatzazu Mexikon eta horrek bidaiatzeko aukera emango zizun bai Mexiko eta baita, agian, herrialdetik kanpo ere. Non izan zara eta nora gehiago joatea gustatuko litzaizuke datozen hilabeteetan?

Jon Uli: Mexikok leku ikusgarri pila bat ditu eta iritsi ginen unetik asko ari gara bidaiatzen. Merida inguruan Holbox eta Isla Mujeres irlak, Campeche, Izamal, Rio Lagartos, Cancun etab. ikusi ditut. Aurrera begira,Tulum, Chichen Itza, Cozumel, Playa del Carmen eta Bacalar bezalako lekuak ikusteko bidaia jada planifikatuta daukat. Meridatik askoz haratago, Mexiko Hirian, erdigunea, Xochimilco eta Theotiuacanera

bidaiatu nuen eta laster Oaxaca, Chiapas eta ziurrenik Pueblara joango naiz. Herrialdetik kanpo oraindik ez naiz egon, baina abendurako Kubara bidaiatzeko erreserbak eginak ditut, hasieratik nire ilusio handienetako bat baita eta ziurrenik Kolonbian ere izango naiz. Zorionez herrialde barruan bidaiatzeko prezioak oso merkeak dira.


Kultura mexikarra pixka bat ezagututa, zer nabarmenduko zenuke?

Nahiz eta betidanik latinoamerikarrek oso irekiak izateko fama izan duten, oso harrituta utzi nau bertako lagun, gelakide eta hiritarrak irekiaz gain zein atseginak eta lagunkoiak diren ikusteak. Lehen aldiz gelara sartu nintzen unetik betidanik ezagutuko banindute bezalako konfidantzarekin tratatu naute, ezagututako egun berdinean beraiekin egiteko hainbat plan eskainiz. Hori asko gustatu zait. Orokorrean, Mexiko asko maite dute eta aspektu guztietan Latinoamerika osoko herrialderik onena dela esaten dute. Aldiz, Europearrak izugarri goraipatzen dituzte bertakoak izate hutsagatik. Oso bizitza erritmo lasaia daramate, ez dute ezertarako presarik izaten orokorrean, eta honekin lotuta, puntualitatea ez da euren ezaugarririk aipagarriena, beti berandu ibiltzen baitira. Elikadura aldetik ere, Mexikarrek bereizgarritasun ugari dituzte, orokorrean takoak edozein unetan jaten dituzte, janari mina izugarri gustatzen zaie, espezie asko erabiltzen dituzte janaria prestatzerakoan... Bitxikeria modura, gosaltzeko orduan oso ohikoa da hemen “cochinita pibilen” tako batzuk eta coca-cola botila bat gosaltzea.

JON ULI

"Elikadura arloan, mexikarrek bereizgarritasun ugari dituzte. Janari mina izugarri gustatzen zaie, espezia asko erabiltzen dituzte..."


Mexiko arriskutsua omen da, orokorrean.

Nik pertsonalki Meridan ez dut ezer bizi segurtasun falta sentiarazteko arrazoiak eman dizkidanik. Alde horretatik, Usurbilen egongo banintz bezala nago, Merida Mexiko osoko hiririk seguruenetako bat baita. Aldiz, Mexiko Hirira bidaiatu genuenean, behin eta berriz abisatu ziguten egunez adi ibiltzeko gehienbat lapurretengatik eta gaueko 10etatik aurrera kaleetan ez ibiltzeko, oso arriskutsua izan zitekeela. Egia da badirela gune batzuk non Mexiko Hiriko kale turistiko bat eta Tepito izeneko Latinoamerika osoko herririk arriskutsuenetako bat parez pare daudela, adibidez. Mexikoko hiri ezberdinetako lagunak egin ditut, eta beraien hirietan batzuk gauez ez dira kalera irteten eta gutxienez gertukoren bat badute noizbait erasoren bat jasan duena. Arriskutsua da errepide zehatz batzuetatik autoz bidaiatzea eta iparraldea da bereziki arriskutsua. Hain herrialde handia da non denetarik dagoen, horregatik turista moduan etorrita eta ezagunak diren lekuak bisitatzeko nire ustez ez dago arriskurik. Hiri ezagunenak ondo babesturik daude eta zentzuz jokatuz gero ez da ezer gertatzen.

 

 

Bakarrik joan zinen Mexikora edo Euskal Herritik jende gehiagorekin joan zinen? Pisu batean bizi zara edo ikasle-egoitza batean?

Hona etorri aurretik ez nuen pertsonan inor ezagutzen, baina whatsapp bidez Euskal Herriko batzuekin harremanetan jarri nintzen bizilekua hautatzea eta Meridara bidaia errazteko asmoz. Etxe handi batean bizi naiz non guztira 14 pertsona bizi garen. Bertan alemanak, euskaldunak, espainiarrak eta mexikarrak bizi gara. Nahiz eta bere alde onak eta txarrak dituen, oso esperientzia aberasgarria iruditzen zait etxean

hainbeste jende eta hain leku ezberdinekoekin lekua partekatzea. Oso harreman ona egin dugu eta elkarren ohiturez asko ari gara ikasten; elikadura ohiturak, otordu ordutegiak eta bizimoduak, orokorrean. Kultura ezberdintasun handia dago eta hizkuntza berrietatik hitz batzuk ikasteaz gain, gaztelania eta ingelesa hobetzeko oso baliagarria izaten ari zait.


Mexikarrez gain, munduko beste hainbat lekutako jendea ezagutzeko aukera ere izango zenuen. Nongo jendearekin egoten zara gehien? 

Merida orokorrean oso gustuko lekua da ikastera, lanera edo oporretara etortzeko, eta horren eraginez, munduko hainbat lekutako jendearekin topatu naiz. Jendearekin

nolatan iritsi diren bertara eta zer asmo duten hitz eginez asko ikasi dut bizimodu ezberdinez. Mexikarrekin egotea oso gustoko dut, eta ikasgelan, kirol ezberdinak praktikatzen, eta aparteko hainbat plan batera eginda, denbora asko ari naiz partekatzen beraiekin. Batera bizi garenez, eta bidaia asko batera egiten ditugunez, orokorrean etxeko lagunekin pasatzen dut denbora gehien. Etxekoez gain euskaldun batzuk ere topatu ditut, gehiengoak ni bezala Erasmusi esker etorri direnak edo modu horretara etorri eta lanean geratu direnak. Betidanik Mexikon bizi izan diren arren aita edo bikotea izatez euskalduna izateagatik euskaraz hitz egiten dakitenak edota bizitza osoa Euskal Herrian egin eta jubilatu ostean hona bizitzera etortzea erabaki duen norbait ere topatu dut.


Zerbait faltan botako duzu etxetik.

Bai, gertuko jendea asko ari naiz botatzen faltan, lagunarteko edota familiarteko bazkari-afariak, bereziki. Esan bezala, Merida oso leku beroa da eta Euskal Herriko hotza ere batzutan faltan botatzen dut. Nahiz eta Mexikoko janaria gustatzen zaidan, errepikakorra egiten zait, otorduak kanpoan egiterakoan ez du zerikusirik Euskal Herriko kalitate eta aukerekin. Hiri barruko autobusek ordutegiak zehaztuta ez dituztenez, eta ausaz ibiltzen direnez, erosotasun hori ere botatzen dut faltan.


Behin esperientzia hau amaituta, etxean jarraitzeko asmoa duzu edo ikasketak eta lana kanpoan bilatzea pentsatu duzu?

Hona etorri aurretik nahiko garbi neukan esperientzia honek nire ikuspegia aldatzen ez bazuen itzultzerakoan ikasketekin amaitu ostean suhiltzaile izaten saiatu nahi nuela. Orain, egia esan bidaiatzeko gogoa asko piztu zait eta nahiz eta aurrerago suhiltzaile izaten saiatzeko aukera ez dudan baztertzen, une honetan buruan ditudan herrialderen batean lan egitea gustatuko litzaidake lehenago.