NOAUA! Argentinako La Plata hirian zaude. Zer egiten duzu han eta noiz joan zinen?
Jone Allur: La Plata hiria Buenos Aires probintziako hiriburua da. Urtebeterako etorri nintzen hona uztailaren amaieran ikasketekin jarraitzeko asmoz. EHUk Bilbon duen kanpusean soziologia eta zientzia politikoak ikasten ari naiz. Behin hona iritsita, soziologian jarri naiz burubelarri bertako unibertsitatean. Martxa honetan jarraituko dut 2023ko uztailera arte.
Soziologiari heldu diozu orain, zail egin zaizu ikasgai berak topatzen?
Joaterako ikasgaien zerrenda bat osatu nuen berdinak edo ahalik eta ikasgai antzekoenak hautatu ahal izateko. Kredituen kontuarekin ere komeriak izan nituen hemen ez baitute modu horretan funtzionatzen, orduekin baizik. Etxean egindako plantilak ez zuen ezertarako balio izan ordu gehiegi baitziren. Behin hona iristean behar nituen hautaketak egin nituen eta baiezkoa eman zidaten Bilbon. Ez dut arazo gehiagorik izan horrekin.
JONE ALLUR
"Urtarrila eta otsailean uda bete-betean egongo gara eta momentu ezinhobea izango da bidaiatzeko"
Badaramazu denbora pixka bat La Platan. Inguruak ikusi eta bidaiatzeko aukera izan duzu?
Iritsi bezain pronto Uruguayra bidaiatxo bat egiteko aukera izan genuen. Montevideo hiriburuan eta Kolonia hirian ibili nintzen, oso leku ederrak iruditu zitzaizkidan. Urrian Mendoza inguruak ezagutu genituen Akonkagua eta la Cordillera de los Andes barne. San Luisera ere joan ginen. Leku zoragarriak horiek ere. Orain arte bizi izan dudan esperientziarik onena, berriz, San Luisen bizi izan nuen. 35. Nazioarteko emakume arrazanitzen eta disidentzien Eguna tokatu zen eta Latinoamerikako emakume eta disidentzia pila bat elkartu ginen. Oraindik oilo-ipurdia jartzen zait egun hura gogoratzen dudanean. Kaleak emakume eta genero ezberdinetako pertsonaz bete ziren. Hitzaldiak, asanbleak eta denetariko kontzertuz gozatzeko aukera izan genuen. Hausnarketarako oso garrantzitsua izan zen niretzat. Oso errealitate anitzak ezagutzeko aukera izan nuen. Zoragarria. Denbora asko daukat oraindik bidaiatzen jarraitzeko uztailera arte. Gainera, urtarrila eta otsailean uda bete-betean egongo gara eta momentu ezinhobea izango da bidaiatzeko.
"Oso aberasgarria da bertakoekin elkartzeko aukera izatea"
NOAUA! Esperientzia horretan norekin ematen duzu denbora gehien bertakoekin, euskaldunekin edo mundu zabaleko jendearekin?
Ni inor ezagutu gabe etorri nintzen hona. Euskaldun bat badakit hemen dabilela, baina ez gara elkarrekin gehiegi ibiltzen. Ikasle-egoitza batean bizi naiz beste 80 pertsonarekin. Den-denak latinoamerikarrak dira, ni naiz bakarra bertakoa ez dena. Latinoamerikarrak oso irekiak dira eta gainera, zortea izan dut eta La Platako jendearen laguna ere egin naiz. Oso aberasgarria da bertakoekin elkartzeko aukera izatea. Ikasle-egoitzan kolonbiarrekin egoten naiz, brasildarrekin eta latinoamerikako herrialde gehienetako jendearekin. Egunerokotasunean, unibertsitatean egin ditudan lagunekin egoten naiz edota hiriko jendearekin ere bai. Lagunak egiteko ez dut inolako arazorik izan. Beti dago zeregina eta oso eskertuta nago. Nire helburua hori zen pixka bat, ez Espainiako jendearekin elkartzea beste askok egiten duten moduan. Ni hona bertako jendea ezagutzera etorri naiz eta aukera izan dut hori egiteko.
Argentinarrak gertutik ezagutzeko aukera izan duzu. Dioten bezain astunak al dira?
Gu baino askoz ere irekiagoak dira eta horrek shock bat sortzen du hasieran. Ezezagunak agurtzerako orduan, adibidez, musua ematen dute eta nik nahiko pertsona hotza naizela uste dudanez, hasieran arraro egiten da edo pixkatxo bat bortitza. Segituan ohitu nintzen, hala ere. Astunak diren ez dakit esaten, ez litzateke haientzat aukeratuko nukeen lehen adjetiboa, baina irekiak bai.
Argentinan egunerokotasuna partekatzen duzun pertsona horiek ere zure ikasketa berdinak edo antzekoak ari dira egiten?
Ikasle-egoitzan jende asko gaude, baina inor ez da nire ikasketa berak egiten ari. Gehienak medikuntza ikasten ari dira eta oso ohikoa da Argentinara ikastera etortzea Latinoamerikako jendea, Argentinan unibertsitate ikasketak musutruk baitira. Fakultatean edo kalean ezagutu dudan jendearekin egoten naiz gehien, hala ere. Gai berak interesatzen zaizkigu eta egunerokotasuna partekatzea errazagoa da horrela. Militantzian eta politikan oso sartuta dagoen jendea da gehiena. Talde militante pila bat daude eta unibertsitatean hauteskundeak ditugu orain. Fakultateko hauteskundeek gobernurako hauteskundeak dirudite. Talde guztiek kartelak jartzen dituzte fakultatean, kanpaina egiten dute eta botoak eskatzen dizkigute unibertsitatean ikusten gaituztenean. Izugarria da nola bizi duten politika. Iraila hasieran Argentinako presidenteordea den Cristina Fernandez de Kirchnerren aurkako atentatua egin zuten, pistola batekin apuntatu zutenean. Osteguna zen hemen eta herrialde osoko komunikabide guztiak hankaz gora jarri zituen. Hurrengo egunean jai eman ziguten fakultatean. Izugarrizko manifestazioak izan ziren Buenos Airesen. Politikarako duten grina eta herrialdean bizi duten nahasmen politikoa oso aberasgarriak dira niretzat eta argentinarrekin hori bizitzeko aukera izatea ikaragarria da. Unibertsitatean asko ari naiz ikasten, baina bertako jendearengandik ikasten ari naizena izugarria da.
Euskal Herria ezagutzen dute horiek?
Nik uste nuena baino gehiago. Kataluniaren erreferentzia gehiago dute eta askotan galdetzen didate ea egoera bera bizi dugun katalanek eta guk. La Platan euskal etxea ere badute eta izugarrizko mugimendua dago bertan. Abuztuan edo irailean Euskal Herriaren eguna ospatu zuten Buenos Airesen eta etxean bezala sentitu nintzen. Inguruko euskal etxeetan ibiltzen den jendea hurbildu zen eta izugarrizko festa antolatu zuten. Euskara entzuten nuen edonon, etxeko janaria jateko aukera izan nuen, euskal musika jarri zuten… etxera bihotza beteta itzuli nintzen. Erabat bizi dute euskal kultura hemen, jendeak lau-burua tatuatuta dauka, pentsa. Euskal etxera hurbiltzen naizen bakoitzean etxean bezala sentitzen naiz. Euskaldunen ondorengotza oparoa da hemen, ia denek dute abizen euskaldunen bat eta jakin badakite euskal jatorria dutela.
Argentina herrialde handia da. Badu antzekotasunik Euskal Herriarekin?
Ez, batere ez. Mendikate handiak daude, hiri handiak, naturaz gozatzeko leku zabalak, glaziarrak, ur-jauziak… Mendozara joan ginenan latinoamerikar asko harrituta zeuden horrenbeste mendi eta horren altuak batera ikusi zituztelako. Ezin da alderatu, baina guk ere baditugu mendiak Euskal Herrian, beraz ez ninduen horrenbeste harritu. Beste batzuek itsasoari izugarrizko balioa eman zioten kostaldera joan ginenean, baina nik uda itsasoan pasatzen dut eta hori harrigarria da askorentzat. Ni ur-jauziek edo glaziarrek edo guretzat arrotzak diren paisaia horiek harritzen naute gehiago.
"Familiaz eta lagunez asko akordatzen naiz"
NOAUA! Oraindik denbora asko geratzen zaizu han, baina jada etxeko zerbait botatzen duzu faltan?
Familia eta lagunez asko gogoratzen naiz. Ni oso zoriontsua naiz arratsalde batean Aitzagara trago bat hartzera joate hutsarekin. Ez dut asko behar pozik eta zoriontsu egoteko. Orokorrean, euskaraz hitz egitea faltan botatzen dut. Pixkanaka gazteleraz egunerokotasunean hitz egitera ohitzen ari naiz. Nire gaztelera maila inoiz ez da zoragarria izan, eta lehen egunetan ezin nintzen lasai eta behar bezala espresatu. Aitzagari ere nolabaiteko ordezkoa aurkitu diot hemen, badut konfidantzazko taberna bat, baina Aitzaga ezin da aldatu.
Behin etxera itzulita zeintzuk dira zure asmoak?
Nire ikasketek bost urte irauten dute eta aurten hirugarren urtean nagoenez, itzultzen naizenean oraindik beste bi faltako zaizkit. Hona etorri aurretik pentsatzen nuen Argentinara etorri urtebete bertan egin eta hori izango zela dena. Izugarri ari zait gustatzen Latinoamerika, baina agian gerora denborarekin gehiegizko egingo zait. Itzuliko naizen edo ez, hori ez dakit. Bidaiatzera lehen joaten nintzena baino gehiago joango naizela, hori ziur. Hortik aurrerakoak ez dakizkit, baina itzuli egingo naiz.
Behin ikasketak amaitu eta hor bizi nahi izango bazenu, lan asko dagoela iruditzen zaizu zure sektorean?
Ez dakit asko horri buruz, baina baiezkoan nago. Soziologia eta politika ez dira lan asko eta aukera anitzak dituzten bi sektore. Nahiago dut irtenbideetan ez pentsatu, horretan hasiz gero, inor ez litzateke ikasketa hauetan sartuko.