Lur Errekondo, ETB-ren "El Conquistador" saioko aurkezleetako bat gaurtik

Noaua Aldizkaria 2023ko urt. 9a, 08:00

Udazkenean ETB1 kateko "Naufragoak" saioa aurkeztu ostean, ETB2-ko "El Conquistador del Caribe" abentura lehiaketa gidatuko du gaurtik, Julian Iantzirekin batera.

Udazkenean "Naufragoak" abentura lehiaketa eskaini ostean, formatu beteranoena itzuliko da gaur ETB-ren erdarazko katera; "El Conquistador del Caribe" saioa. Orain arte Julian Iantzik aurkeztu izan du. Gaurtik berarekin zereginotan ariko da baita Lur Errekondo herrikidea. Gogoan izan, udazkenean ETB1-ek eskainitako lehiaketa aurkeztu zuen Iñigo Vicensekin batera. "ETB1eko "Naufragoak" saioan aritu ostean, Lur Errekondo Karibe aldean geratuko da, Julian Iantziri aurkezle lanetan laguntzeko",  berri eman du Euskal Telebistak.

Gaurtik astelehenero, ETB2 katean aurkezle lanetan ikusiko dugu berriz Usurbilgoa, oraingoan erdaraz, 22:30ean hasita. "Asteleheneko saioa abiapuntua izango da, eta aurtengo lehiakideak eta taldeak ezagutuko ditugu. Parte hartzaileen artean, urtero bezala, zenbait "pertsonaia" bitxi egongo dira. Planetako abenturarik gogorrena hasi orduko, faboritoen zerrendak osatuko dituzte programako jarraitzaileek", aurreratu du ETB-k.