"650 Usurbil Bizi" turismo eremu berria dinamizatzeko langilea behar dugu. NOAUA! Kultur Elkartean lanaldi erdiko urtebeteko kontratua eskaintzen da, hasteko bi hilabeteko probaldia. Deialdi honetara aurkezteko curriculumak bidaltzeko azken eguna duzue astelehen hau, urtarrilaren 9a, elkartea@noaua.eus helbidera.
Turismo, kultura, komunikazioa edo jarduera soziokulturalekin lotutako diplomatura edo gradu bat izatea eskatzen da, alor hauei lotutako masterra edo graduondokoa ere onartuko dira. Beste diplomatura bat izanda, baita prestakuntza osagarria edo esperientzia izatea kultura, ondarea edo turismo alorretan. EGA edo baliokidea izatea ere eskatuko da.
Horrez gain, harremanetarako eta komunikaziorako gaitasuna baloratuko dira, ekintzailea izatea eta proiektuak sortzeko gaitasuna izatea; kanpoko hizkuntzak jakitea, herrigintzan esperientzia izatea, turismo alorrean baita; eta webguneak eta sare sozialen kudeaketan ezagutza izatea.
Lankidetza hitzarmenaren baitan
Dinamizazio lan hau bideratzeko lankidetza hitzarmena sinatu zuten abenduan Usurbilgo Udalak eta NOAUA! Kultur Elkarteak. Udalak urtero egingo dion diru ekarpenarekin langile berri baten kontratazioa bideratuko da. Urrats honek pauso gehiago ekarriko ditu laster. Hala nola, “turismo gune bat irekitzea asteburuetan. Hemendik eratorritako eskaintzak martxan jartzea, bisitetarako beste norbait kontratatu ahal izatea”.