Urtarrilaren 16an

Astebete barru ekingo dio Kantu Taldeak ikasturte berriari

Noaua Aldizkaria 2023ko urt. 9a, 08:07

Hamalaugarren ikasturtea abiaraziko du Usurbilgo Euskal Kantu Taldeak urtarrilaren 16an. 

Irailean ez, urtea estreinatzearekin batera ekin ohi dio ikasturte berriari Usurbilgo Euskal Kantu Taldeak eta astebete barru, hilaren 16an hamalaugarren ikastaldia abiaraziko dute. Ohi bezala, 18:00-19:00 artean Agerialdeko musika gelan. Urtarrilaren 16ko lehen saio hau, entseguei ekin eta izen-ematea bideratzeko baliatuko dutela berri eman diote NOAUA!ri Usurbilgo Euskal Kantu Taldetik. Une horretatik aurrera, astelehenero bilduko dira gune berean; "ikastolaren egutegiari jarraituz", Jaione Eskudero irakaslearen gidaritzapean.

"Ez gara entseguekin bakarrik konformatuko"
"Ikastaroa, kantatzeko gogoa eta ilusioa duen edozein herritarri irekia dago. Kantu Taldearen jarduera ez da abesbatza baten profil birtuoso baten izaerarekin parekatu behar. Horrek ez du esan nahi kantuan ahalik eta ondoen abesten saiatuko ez garenik. Kantu Taldea lagunarteko bizipen bat da, gozamen bat, ongi pasatzeko tarte bat, eta batez ere, euskararen indargune eta euskal kantu zaharren eta berrien aldarrikapena kantu-ariketaren bidez  bultzatuz gure kulturaren zatitxo hau indartzea. Azken batean, Jon Maiak dioen bezala, gure historia kantuetan idatzita dago. *KANTU BAT GARA.* ", azaldu dute Kantu Taldetik. 

Gogoan izan, Udarregi Ikastolako musika gelan landutakoa plazaratzeko tartea baliatzen dute hilero azken larunbatetan. Abendu amaierako etenaldiaren ostean, urtarrilaren 28rako iragarri dute 2023ko lehen kantu-jira. 12:00etan abiatuko dute bira Mikel Laboa plazatik. "Ez gara entseguekin bakarrik konformatuko. Hilean behin, azken larunbatean, Kantu Jira egingo dugu herrian zehar, eguerdiko 12:00etan, Mikel Laboa plazatik hasita. Noizbehinka lagun arteko kantu-afariak ospatuko ditugu eta Sutegin, kantu-talderen baten kontzerturen bat antolatzeko asmorik ere badaukagu.  Aurreak erakutsiko luke zer gehiago egin taldean hartzen diren erabakiak errespetatuz.  Kantua, dantza, kontakizuna, ipuinak, bertsoak..., denak elkarren osagarri dira, herrien izaeraren eraikitzaileak; komunitatea indartzeko aproposak eta denboran barrena irauteko adierazpen artistikoak".

Hitzordu hauetarako guztietarako ez ahaztu kantu-liburuxka.