Odol-ematea, hilaren 16an

Noaua Aldizkaria 2023ko urt. 9a, 08:03

Gaur ez, urtarrilaren 16an izango da 2023ko lehen odol-ematea Usurbilen.

Bi hilean behin, lehen astelehenetan egokitzen da odol-ematea Usurbilen. Baina eguberriak tarteko, urtarrileko saioa atzeratu egiten dute, uztailean herriko festengatik egiten duten bezalaxe. Aurtengoan bi astez. Beraz, Usurbilen 2023an lehen aldiz odola emateko aukera, gaur ez, hilaren 16an izango dugu. Orain arte bezala, osasun krisialdian murgildu ginen 2020tik egin izan duten moduan, Udarregi Ikastolako erdiko aretoan, 16:30-20:30 artean. Aurrez odola eman dutenei hitzordua finkatuko zaie. Lehen aldiz odola ematen dutenek dei dezatela 943 007 884 telefono zenbakira.

Plasma ere emateko deia
Odolarekin batera, plasma emateko eskatzen hasiak dira. "Odolaren bolumen osoaren %55 da" eta bertan "odol-zelulak aurki ditzakegu: globulu gorriak, zuriak eta plaketak", azaldu dute Euskadiko Odol Emaileak bilgunetik. Herritarrengandik jasotako plasmarekin, "botikak lortzea da" garrantzitsuena; "kasu hauetan ez dago alternatibarik, lehengai hau, hau da, odol-emaileetatik lortutako plasma ezinbestekoa baita".

Plasma emateari "plasmaferesia" deitzen diote. "Odola erauzten da, banatzaile zelular baten bidez odol-zelulak banatzen dira, plasma gordetzen da eta gainerakoa bide beretik emaileari itzultzen zaio". Plasma emateko saioak "40-50 minutu iraungo du. Plasma gehienbat ura denez, emailearen suspertzea oso azkarra da, hori dela eta sarriago eman dezake". Hilero hain zuzen. Hori bai, "plasma emanez gero, gutxienez, 15 egun itxaron behar duzu berriro odola eman ahal izateko. Baina, odola eman baduzu, hilabete bat itxaron beharko duzu".

ODOL-EMATEA
Eguna: urtarrilak 16, astelehena.
Ordutegia: 16:30-20:10.
Tokia: Udarregi Ikastola.
Zehaztasunak: odola emateko bete beharreko baldintzak:
-Aurrez odola eman dutenei hitzordua finkatuko zaie. Lehen aldiz odola ematen dutenek dei dezatela 943 007 884 telefono zenbakira.
-18-65 urte artean izatea.
-50 kilotik gora pisatzea.
-12 urte baino lehenago hepatitisa izan, kolesterol maila altua izan, baraurik egon ez edota ohiko botikaren bat hartzen baduzu ere, odola eman dezakezu.
-Emakumezkoek urtean gehienez hiru aldiz eman dezakete odola, gizonezkoek gehienez lautan. Odol emate baten eta hurrengoaren artean, gutxienez bi hilabeteko tartea igarotzen utzi beharra dago.

Informazio gehiagorako: donantesdesangre.eus

Deitzailea: Usurbilgo Odol Emaileen Elkartea.