"Oparirik hoberena, elkar laguntzea, errespetatzea eta maitatzea da"

Noaua Aldizkaria 2023ko urt. 5a, 20:46

Lerrootan duzue, heldu berri diren Baltasar, Meltxor eta Gaspar erregeek Usurbilgo frontoian egin zaien harreran plazaratu duten mezua.

Frontoia lepo zela, harrera beroa egin die Usurbilgo herriak Meltxor, Gaspar eta Baltasar erregeei. Hiru urteren ostean, aurten bai, Urdaiagan hasi eta herriko frontoian amaitu ahal izan dute kalejira. Bi urteko etenaldiaren ostean, garai bateko harrera ekitaldi eta guzti. Lerrootan duzue plazaratu duten mezua.

Erregeen mezua

Gabon guztioi! Gazte guztioi, amatxo, aitatxo, aitonak, amonak! Aurten berriz hemen gaude, etorri gara! Bidaia luzea egin dugu. Basamortutik pasa gara, menditik, itsasotik, toki guztietatik honaino etortzeko. Postariak ekarri dizkigu zuek maitasunez eta ilusioz idatzitako gutunak. Gure asmoa gutun haiek eta gutun haietan idatzi dituzuen eskaerak eta zuen gustuko eta gogoko opariak bidaltzea da. Horretan saiatuko gara; gure asmoa zuen ilusioa betetzea da. Baina badakizue zer den onena? Elkarrekin jasotzen dituzuen opariak, anai-arrebekin, lagunekin, lehengusuekin, gurasoekin, aiton-amonekin elkarbanatzea eta elkarrekin jolastea eta gozatzea. Horrekin batera, urte osoan zehar, oparirik hoberena elkar maitatzea, elkarri laguntzea eta elkar errespetatzea da.

Zer moduz portatu zarete? Aurten sorpresa txiki bat dugu zuentzat. Gurasoek gutun bat idatzi digute, nola portatu zareten esanez. Nola uste duzue idatzi zaituztela? Gaur gau luzea dugu, lan asko dugu. Etxe askotara iritsi behar dugu. Eskatuko dizuegun gauza bakarra, gauean goiz oheratzea, zapatak garbi-garbi jarri, eta esnea, txokolatea, gailetak eta zaldientzako belar pixka bat uztea da. Egingo duzue?