Aurten bai, bidelagunez inguratuak heldu dira erregeak

Noaua Aldizkaria 2023ko urt. 5a, 20:12

Aurten bai, bidelagunez inguratuak heldu dira erregeak! Agurtzeko gogoz eta gozoki gosez ziren herrikideekin batera osatu dute Urdaiagatik frontoirainoko ibilbidea.

Urdaiagan abiatu duten kalejira, bidea argitu dieten laguntzaileekin abiatu dute Gasparrek, Baltasarrek eta Meltxorrek. Eta Kaxkora hurbildu ahala, bidelagunak etenik gabe batu zaizkie. Guztiak, hiru urteren ostean, erregeak hurbiletik agurtu eta haiek jaurtitako gozoki zaparradan nagusitzeko. Lasterka biziak ikusi ditugu bide bazterretan. Gazte nahiz heldu gozoki harrapakariz bete dira herriko kaleak.

Eskatu eta eman; ezin eskuzabalago jokatu dute, aurten bai, ohiko ibilbidea berreskuratu eta geldialdiak egin ahal izan dituzten erregeek. Gogoan izan, osasun krisialdiak 2021 eta 2022 urteetan abiada bizian herritik geldiunerik gabeko bira egitera behartu zituzten.

Denek, baita hitzordua antolatu duten Ziortza gazte elkartekoek ere eskertu dute zalantzarik gabe, "normaltasunera" itzulera hau. Gau luzea dute orain erregeek. Laster hasiko dute, etxez etxeko bira.