Zubietako erraustegia

Erraustegiaren kutsadurari buruzko azken berrien azalpena ostiralean

Noaua Aldizkaria 2023ko urt. 10a, 09:23

Abenduaren 23rako Potxoenean deitua zuen ekitaldia ostiral honetara, urtarrilaren 13ra (18:00etan Potxoenean) atzeratzea erabaki zuen Erraustegiaren Aurkako Mugimenduak. Hitzordu honetan, Zubietako erraustegiaren kutsadurari buruzko azken berriak hartuko dituzte ahotan. Batetik, Holandako ToxicoWatch Fundazioak iaz egindako biomonitorizazioaren emaitzak aurkeztuko dituzte. Bestetik, Malen Azpiazu Zubeldia EHU-ko kimika fakultateko ikasle ohi eta herrikideak gai honi buruz egindako Gradu Amaierako Lana aurkeztuko du: “Metal astunen determinazioa erraustegiaren inguruko goroldio laginetan”. Berarekin bildu da astekari hau.

Zerk eraman zintuen gai hau lantzera?
Malen Azpiazu Zubeldia: Niri pertsonalki ukitzen zidan edo behintzat gazteriari ukitzen zion gai bat hautatu nahi nuen. Hor ibili nintzen bueltaka, antikontzeptiboen eragina aztertzea pentsatu nuen, beste gai batzuk ere bai. Irakaslearekin adosten nenbilela jaso nuen proposamena; ea animatuko nintzen erraustegiaren kutsadurari buruzko ikerketa horretan parte hartzera, kasu honetan goroldioan dauden metal astunak aztertzera. Herriari zuzenki eragiten dion gaia izanik, nire ekarpena egiteko aukera paregabea iruditu zitzaidan. Azkenean, bai edo bai egin behar nuen lana, gutxienez zerbaiterako balio izatea nahi nuen. Oso gai interesgarria eta baliagarria izan da.

Zergatik goroldioa?
Erraustegiak aireratutako dioxinak, metal astunak... ingurunera doazela irudikatu behar dugu, metatzen doaz, besteak beste goroldioan. Horren analisia eginez gero ondorioztatu daiteke airean dagoen kutsadura. Esan dezakegu, goroldioa aireaz elikatzen dela orduan berak aireko substantzia guztiak jango ditu eta bere osagaiak aztertuta jakingo dugu airean zer dagoen.

Zeintzuk diren zure lanketaren helburuak?
Proiektu honek bi helburu zituen; batetik, erraustegiaren inguruan aurkitzen diren goroldioetan zer nolako eta zenbateko metal astunak dauden aztertzea, eta bigarrenik, 2019ko datuekin alderatzea eta urtez urte kutsatzaile hauen ibilbidea zein den aztertzen segitzea eta eragilea zein izan daitekeen aztertzea. Hor dugu eragile nagusia izan daitekeen erraustegia.

Urte asko pasa ditugu airera begira baina ezinbestekoa da lurrera begiratzea ere ezta?
Azkenean lurrean metatzen doaz. Arrautzen analisia egin dute. Oiloak lurretik elikatzen dira. Lurretik jaten duten hori kutsatua badago beraien arrautzak ere kutsatuak egongo dira. Logika horretan oinarritutako analisiak dira eta horregatik hautatzen da goroldioa, beste hainbat gairen artean. Metatzen doazenez, hor gai toxikoak badaude, airean ere beste hainbeste pilatua dagoela ondorioztatzen da.

Behatu ahal izan duzunagatik, kezkatzeko moduko motiboak izan ditzakegu?
Goroldioaren neure azterketan bai ikusi dut igoera bat. Hasieran harritu ninduen datu bat da. Igoera handia da. Egin beharko litzatekeena da urtez urteko analisia burutu eta ikusi ea kanpo faktoreak dauden edo erraustegia izan den benetako faktore bakarra. Orduan urtez urte aztertzen joanez gero ikusiko dugu aldapan gora doan edo mantentzen den. Hasierako lehenengo laginketa honetan goranzko joera hori dagoela ikusi da. Mahaigaineratu beharreko gaia da, zerbait plantatzeko modukoa.

Kaxoi batean geratzen dira sarritan zurea bezalako ikasketen amaierako lan hauek. Zentzu horretan, nola jaso duzu urtarrilaren 13ko ekitaldian parte hartzeko gonbita?
Niretzako aukera polita da, egindako lan bat aitortzeko unea. Nire ikaskide askok izugarrizko lanak egin dituzte. Ahalegin handia eginda ere, askotan hor geratzen diren lanak dira. Horregatik, egindakoa partekatzeko espazioak izatea ondo legoke. Halako ekarpena egin daitekeela jakiteak motibazioa ematen dizu. Hortik fruitua atera zen eta fruitu horri zukua ateratzeko unea da hau, lan honen ibilbidearen itxiera.


Gradu amaierako lana egin behar duenari, zer aholkatuko zenioke?
Gaia aukeratzerako garaian edo norberak proposatu behar badu, ekarpen pertsonal bat egingo duen gaia hautatuko nuke; gertu ukitzen zaituen edo ingurukoeri aportatuko dien proiektu bat. Azken finean, gorabehera asko izaten dira Gradu Amaierako Lana egiterako garaian. Bidea oso luzea da, eta azkenean motibazio gehigarri bat da hori. Konpromiso handiagoa sentitzen duzu proiektua aurrera eramateko eta bidea politagoa izango da. Zure lanaren helburua zein den ondo zehaztua baduzu eta zerbait aportatzen badizu gradua gogotsu amaituko duzu.