Hitz Ahoren hitzaldi zikloa gaurtik

Noaua Aldizkaria 2023ko urt. 12a, 08:54

Familia barruan arauak eta mugak modu asertiboan ezartzeko moduei buruzko tailerra eta Interneten ziberseguru jokatzeko aholkuei buruzko solasaldia iragarri du Hitz Aho Udarregi Ikastolako guraso elkarteak datozen hiru ostegunotarako.

“Arauak eta mugak familian. Nola ezarri modu asertibo batean” tailerra antolatu dute Gaztelekuak eta Hitz Aho Udarregi Ikastolako guraso elkarteak urtarrilaren 12rako eta 19rako, 17:00-19:00 artean Potxoenean. Haur eta nerabeen gurasoei zuzenduriko bi saioetan, “familian harreman orekatua, osasungarria eta onuragarria izateko beharrezkoa den egitura nola izan landuko dugu, horretarako lagungarriak izango zaizkigun arauak eta mugak jartzen ikasiz”. Jorratuko dituzten gai eta edukien artean, honako hauek, besteak beste: “zer dira mugak? Zertarako balio dute mugek? Mugak era asertiboan jartzearen onurak, mugak era asertiboan jartzeko tresnak, arauen beharra familian, arauak era asertibo batean jartzeko modua, zer izan behar dugu kontuan arauak eta mugak jartzeko orduan?”.

Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Usurbilgo Udalak lagundu eta Leyre Canok bideratuko duen tailerrerako izena doan eman ahalko da usurbilkultura.eus plataforman edo helbideotan: gaztelekuausurbil@gmail.com / hitzaho@udarregi.eus. Plaza kopuru mugatua izango da.

Interneteko arriskuez
Tailer honekin batera, "Interneteko arriskuak eta ziberseguru jokatzeko aholkuak" solasaldia antolatu du Hitz Ahok urtarrilaren 26an 17:00etan Potxoenean, Urko Zurutuzarekin. "Nahiz eta guk ez jakin, gure etxeko "router"-ek ehunka eraso jasaten dituzte egunero. Hau gutxi ez eta, Interneten nabigatzean arrisku askori egin behar diegu aurre, bai etxeko ordenagailu, eta baita eskuko beste gailuetan ere. Segurtasun erremintak baliogarriak izanik ere, herritarrok gai hauetan dugun ezjakintasunak arriskuak sortzen ditu. Honi buruz hitz egingo dugu solasaldian".