NOAUA! Noiztik zaude Mexikon eta zerk eraman zaitu bertara?
Eider Goikoetxea: EHUn Haur Hezkuntzako gradua egiten ari naiz hirugarren mailan. Honek aukera ematen dit mugikortasun programetan parte hartu ahal izateko. Hasieratik nahi izan dut etxetik atera eta independentzia hori bizi. Izen ematea ireki zenean ez nuen inolako zalantzarik egin eta izena eman nuen berehala. Aukera eskaintzen dute Espainiako txokoren batera joateko, Europara ateratzeko edo mundura zabalera joateko. Nik argi neukan Espainiatik kanpo egin nahi nuela mugikortasuna eta horrez gain, gazteleraz egin nahi nituen ikasketak. Beraz, latinoamerika zen niretzat aukerarik egokiena. Magisteritza ikasketak egiteagatik, unibertsitate batzuetan lehentasunezko aukera nekan eta horietako bat Mexiko zen. Lehen aukera modura jarri nuen, eta zorionez huraxe tokatu zitzaidan. Unibertsitateen aukeren artean egin nuen hautua, ez horrenbeste herrialdearen arabera.
Noiztik zaude Guadalajaran?
Abuztu hasieran heldu nintzen, abuztuaren 4an zehatzago esanda. Klaseak hilaren erdialdean hasten ziren, baina pixka bat kokatu eta lekua ezagutzeko lehenago joan nintzen. Urtarrila arte egongo naiz hemen. Abenduan amaitzen da ikasturtea hemen, baina gabonak bertan pasatuko ditut bidaiatzeko aukera izateko eta esperientzia hau pixka bat luzatzeko.
EIDER GOIKOETXEA
"Abenduan amaitzen da ikasturtea hemen, baina gabonak bertan pasako ditut"
Hilabete batzuk badaramatzazu Mexikon eta horrek inguruan zein beste herrialde batzuetara bidaiatzeko aukera emango zizun. Non izan zara eta nora gehiago joatea gustatuko litzaizuke?
Bai, bidaiak egiteko aukera izan dut. Herri txikiak eta bertako kultura indigenak ezagutzeko aukera izan dut. Kultura esentzia handia dute, oso koloretsuak, ekintzaz beteak eta horrelako herri eta kultura magikoak ezagutzeko aukera izan du hilabete hauetan. Guadalajara inguruan ditugu horrelako herri asko. Independentzia eguna ospatzeko aukera ere izan genuen bertakoekin Guanajuaton. Hegazkinak eta autobusak nahiko merke daude eta hori aprobetxatzen ari gara ahal dugun neurrian.
Mexikoko kultura pixka bat ezagututa, zer egiten zaizu deigarrien?
Mexikora iritsi aurretik denek esaten zidaten oso leku arriskutsua dela edo kalean lapurreta egingo zidatela. Egia izan daiteke neurri batean, baina zein ingurutan zauden eta zer egiten duzun bertan, hori da garrantzitsuena. Gauean, behin afaltzen amaituta, hamarrak aldera edo, ez da batere gomendagarria kalean bakarrik ibiltzea. Talde handian ibili behar da gauez parrandatik edo diskotekatik bueltan eta ahal dela taxi edo uber batean. Edozein momentutan ager daiteke norbait laban edo pistola batekin eta gainean daramazun guztia eman beharko zenioke. Kasu horretan 2 edo 10 pertsona izan alferrikakoa da horren aurka. Gune batzuetan ez da behin ere sartu behar segurtasun kontuengatik eta beste askotara hurbiltzea bera ere arriskutsua izan liteke. Leku horiek ondo bereizten jakinda ez dago arazo handirik. Telebista edo irratia piztu besterik ez dago Mexikoko zonalde askotako errealitatearen berri izateko eta errealitate horietan egunero hiltzen dute norbait diru kontuengatik edo banden gaiaren harira. Ni neu nagoen lekuan eta inguru hauetan horrelako kontuak ez dira batere ohikoak. Oso bereizita daude norbanakoen maila ekonomikoak, eta hori oso lotuta dago gai honekin. Ni bizi naizen unibertsitate inguru hau oso lasaia da jendeak maila sozioekonomiko ona duelako eta segurtasunean ere dirua jartzen dute. Unibertsitate inguru hau kanpotik hesituta dago eta mila zerbitzu eskaintzen dituzte barruan.
"Unibertsitatean mexikar askorekin egin dugu harreman ona"
Ezberdintasuna sozial horiek oso nabarmenak dira?
Bai, begien bistakoa da nork duen maila bat eta nork beste bat. Maila sozioekonomiko altua duten familietan auto bat baino gehiago izaten dute normalean. Bitxitasun modura, janari azkar mexikarra nonahi eskura daiteke eta gainera, hemen otorduak ez dauzkate gu bezain definituta. Gosea jartzen zaienean tako bat hartzen dute edozein ordu dela ere. Merkea da modu horretan kalean jatea eta beraz, mexikar askoren egunerokotasunaren parte da horrela jatea. Deigarri egiten zaidan beste kontu bat kalean bizi diren etxegabeena da. Izugarri daude kalean eta semaforoa gorria jartzen den bakoitzean familia osoak malabarak egiten aritzen dira. Askotan etxeko txikia ama edo aitaren sorbaldara igotzen da malabarak egitera 3 edo 4 urterekin. Kalean bizi diren pertsonez gain, kale txakurrak ere ia leku guztietan ikus daitezke. Egoera nahiko latza da jende askorentzat eta soldatak horren dira baxuak, askorentzat ez du merezi ere lan egiteak. Horregatik, jende askok nahiago du kalean instrumenturen bat jo edo zerbait saldu lanpostu batean aritu baino.
Nola definituko zenituzke mexikarrak?
Latinoamerikarrez daukagun irudi hori erabat jarraitzen dute mexikarrek. Oso irekiak dira eta jator-jatorrak. Laguntza behar baduzu beti prest daude laguntzeko. Ikuspuntu afektibotik ere oso gertuakoak dira eta besarkadak ematea izugarri gustatzen zaie. Hasiera batean zaila egiten zitzaidan agurtzea, hemen musu bakarra ematen baitute. Duela egun batzuk, autobusetik jaitsi eta galduta geunden. Emakume bati galdetu genion ea bidea adieraz ziezaguken, eta guri laguntzeko 15-20 minutu gurekin etorri zen. Gainera, bere telefono zenbakia eman zigun zerbait behar bagenuen ere. Sarri esaten dute atzerritarrekiko daukatela jarrera hori, beraien artean ere lagunkoiak direla, baina ez horrenbeste. Nor jatorrago izan lehia balitz bezala ulertzen dutela nolabait.
EIDER GOIKOETXEA
"Laguntza behar baduzu beti prest daude laguntzeko. Ikuspuntu afektibotik ere oso gertukoak dira eta besarkadak ematea izugarri gustatzen zaie"
Egunerokotasunean, Euskal Herrikoekin edo mundu zabaleko jendearekin ematen duzu denbora gehien?
Ni 18 lagunekin bizi naiz etxe handi batean. Bakoitzak gela eta komun propioa ditugu, eta gainontzeko gelak partekatu egiten ditugu. Erdiak espainiarrak, aleman batzuk, italiarrak eta austriar batzuk dira nire pisukideak. Donostiako beste euskaldun bat ere badut lagun. Harreman gehien euskaldunarekin daukat eta pisukideekin ere plan asko egiten ditut bidaiatzeko eta bestelakoan. Unibertsitatean mexikar ugarirekin egin dugu oso harreman ona. Iritsi bezain pronto, buddy bat geneukan pixkat bat lekua eta ikasleak aurkeztu eta lehen momentu horietan laguntzeko. Beraz, jende asko ezagutu dudala ezin uka. Etxearen jabeak ere bidaiak antolatzen ditu leku hauek ezagutu ditzagun, eta gainera, bere lagun mexikarrak ere etxera ekartzen ditu jende gehiago ezagutu dezagun.
Ikasketak gazteleraz bai, baina etxean ezingo duzu gaztelera hutsean egin.
Etxean normalean gazteleraz egiten diet batzuei, baina italiarrekin, alemanekin eta austriarrekin ingelesez hitz egiten dut. Ingelesa ere praktikatzen ari naiz, beraz.
Hilabete batzuk pasatu dira joan zinenetik. Zerbait faltan botatzen duzu etxetik?
Janaria izugarri botatzen dut faltan. Hestebeteak eta gazta ez dut jaten, oso garestiak dira eta ez dira etxean dauzkagunak bezalakoak. Etxean askotan esaten dugu janari hori faltan botatzen dugula. Gulak eta arraina ere ez daude. Gehien gustatzen zaidana eguraldia da, etxekoarekin alderatuta hobea da. Tirante eta galtza motzetan gabiltza hemen.
"Kanpoan beste egonalditxo bat egiteko asmoa dut"
Behin esperientzia hau amaituta, han geratzeko asmoa duzu edo etxera itzuliko zara?
Esperientzia hau izugarri gustatzen ari zait independentzia eta bidaiatzeko aukera ematen didalako. Kultura berriak ezagutzen ere ari naiz eta oso gustora nago. Behin itzulita urtebete faltako zait ikasketak amaitzeko, eta EHUk praktikak atzerrian egiteko aukera ere ematen du. Beraz, horri buelta batzuk ematen ari naiz. Elkarteren batekin latinoamerikara etortzeko aukera eskaintzen dute bolondres lana egiteko eta oso interesgarria iruditzen zait. Orain, gainera, kurtso bat egiten ari naiz ideia horri jarraiki. Hortaz, asmoa badut kanpoan beste egonalditxo bat egiteko.