"Bertako Plazerra"

Ohiko txotx bolada bueltan, pizgarri berriekin

Noaua Aldizkaria 2023ko urt. 10a, 13:09

Abian da txotx bolada berria, egunotan ekingo zaio sagardotegietako ohiko erromesaldiari. Ohikoa, hortxe datorren denboraldi hau defini dezakeen hitz gakoa. Azken urteotan ez bezala, oraingo honetan bai, sagardo berria zutik dastatu ahalko dugu, txotxetik, kupeletako joan-etorrietan. Horregatik pozarren agertu da Euskal Sagardoa Jatorri Izendapenak biltzen duen sektorea, astearte honetan Donostiako Tabakaleran egindako agerraldian.

Ekitaldia girotu duten Kukai Dantza taldeko kideak ageri diren promozio bideoa aurkeztuta abiarazi dute hitzordua. “Bertako plazerra, bertako ekoizpena, bertako sagasti eta paisaiak… eta kupeletik dastatuko dugun sagardoa izan dira gure artistek irudi eta koreografiatara eraman dituztenak”. Albiste honi atxikia duzue. Bestela, Youtuben duzue ikusgai, Euskal Sagardoaren kanalean

“Bertako Plazerra” aldarriaren bueltan batu ditu aurkezpenak hainbat eragile; tartean, udalerri honetako zenbait sagardogile. Ohiko dastatze modura itzuliko gara aurten sagardo berria, aipatu moduan. Iazkoa baino uzta txikiagoa izango da kopuruz, “udako eguraldi lehorrak are txikiago egin du uzta”, ohartarazi dute. Ondorioz, halere, “izaera handiagoko sagarra etorri da, bai tanino aldetik eta baita azukre aldetik ere”. Guztira, 1,2 milioi litro sagardo ekoiztu da Euskal Sagardoa Jatorri Izendapenaren baitan.

Testuinguruaren eragina
Zenbaki gehiago segidan. 48 sagardotegi daude egitasmo honetan; bi arabar eta lau bizkaitarrekin batera, 42 Gipuzkoan. Ia 500 hektarea lantzen dituzten 250 sagargile. Uzta berri honetarako 2 milioi kilo sagar jaso dituzte. Datuoi esker, “Euskal Sagardo desberdinak izango ditugu merkatuan: kapsula gorri eta doratukoak batetik, baina sagar mota jakinez eginak, sagasti bakarreko sagarrez eginak, egurrean ondua… aukera geroz eta zabalagoa aurkitu ahal izango du kontsumitzaileak”.

Hori bai, iaz baino garestixeago. Bizi dugun testuinguru sozioekonomiko nahasian izan den inflazioaren gorakadaren eraginez, eta zehazkiago alor honi zuzenean eragiten dieten “beiraren, kartoiaren, energiaren eta gasoilaren” garestitzeak eraginda, “Sagardo Sektoreak %25 inguru igoko du sagardoaren prezioa”.

Dastatze gidatuak, otorduen aurretik
Sagardotegietan lekua hartzeko garaia heldu da. Online egin daitezke erreserbak sagardoa.eus atarian, bestela ohi bezala telefonoz baita. Sagardo berria etxean dastatu nahi duenak gainera, Euskal Sagardoaren atarian online dendan, 90 sagardotik gora eskuragarri dituzte.

Sagardotegira joan nahi duenak, aldiz, otordu bat dastatzetik haratagoko esperientzia bizitzeko aukera izango du. Sagardo Dastatze Gidatuak antolatuko dituzte estreinakoz zenbait sagardotegietan otorduen aurretik. “Aukera aparta da Sagardogilearen eskutik produktuaren berezitasunak jasotzeko ere”. Bezeroen eskariz hasi dira eskaintzen zerbitzu hau. Ekoizleak ezagutzeko ere aukera ezinhobea. “Aurten denboraldian sagardotegira gerturatzen den bezeroak bertako ekoizle baten etxera egingo du bisita, bertako lurretik bizi den familia baten etxera”, gogorarazi dute.

Erreserbak egiteko garaia
Aginaga sagardotegia

Helbidea: Aginaga auzoa.
Telefono zenbakia: 943 36 67 10.
E-posta: info@aginagasagardotegia.com
Web orria: aginagasagardotegia.com

Aialde-Berri sagardotegia 
Helbidea: Santuenea 37.
Telefono zenbakia: 943 365 031.
Web orria: aialdeberri.eu

Araeta sagardotegia
Helbidea: Berridi bidea 22, Zubieta.
Telefono zenbakia: 943 362 049.
E-posta: araeta@araeta.com
Web orria: araeta.com

Arratzain sagardotegia
Helbidea: Arratzain Bide kalea, 21.
Telefono zenbakia: 623 460 819.
E-posta:  info@arratzain.eus
Web orria: arratzain.eus

Iruin sagardotegia
Helbidea: Petritza bidea 12, Zubieta.
Telefono zenbakia: 943 361 229.
E-posta: info@iruinsagardotegia.com
Web orria: iruinsagardotegia.com


Saizar sagardotegia
Helbidea: Kalezar, 39.
Telefono zenbakia: 943 37 39 95/ 943 364 597.
Web orria:  www.sidrassaizar.com
E-posta: sidreria@sidrassaizar.com

Urdaira sagardotegia
Helbidea: Urdaira baserria, Aginaga.
Telefono zenbakia: 943 372 691.
E-posta: info@urdairasagardotegia.com
Web orria: urdairasagardotegia.com