Dominekin itzuli dira Cesa 2023 eskubaloi txapelketatik

Noaua Aldizkaria 2023ko urt. 10a, 10:30
Jubenil nesken eskubaloi selekzioa zilarrezko dominak jasota, Usurbilgo bi entrenatzaileekin. Argazkia: Mikel Alzaga Martinez.

Lau herrikideek parte hartu dute euskal selekzioko bi taldeekin Benidormen iragan astean jokaturiko Espainiako eskubaloi txapelketan.

Iragan astean zehar Valentzian izan den Cesa 2023 Espainiako eskubaloi txapelketa jokatzetik itzuli berriak dira zenbait herrikide. Batetik, Mikel Alzaga Martinez eta Xabat Beloki Segurola. Jubenil nesken euskal selekzioarekin aritu dira lanean teknikari; lehenengoa entrenatzaile gisa, bigarrena entrenatzailearen laguntzaile moduan. Iaz ere aritu ziren zereginotan.

A multzoan jokatu zituzten Espainiako txapelketako hiru neurketetatik bi irabazi zituen teknikari taldean ziren bi usurbildarrek zuzenduriko jubenil nesken euskal selekzioak. Bigarren postuan sailkatuta itzuli dira etxera, zilarrezko domina eskutan zutela. Hemen emaitzak:
Euskadi 26-24 Katalunia
Nafarroa 33-21 Euskadi
Euskadi 28-25 Galiza

Usurbil K.E.-ko bi jokalari
Txapelketa berean hirugarren postuan sailkatu zen bestalde,  jubenil mutilen euskal selekzioa. Datu hau lerrootara talde horretan bi herrikideek parte hartu zutelako dakarkigu; Usurbil Kirol Elkarteko Iker Nazabal Aisak eta Peru Iraeta Agirrek. Hemen A multzoaren baitan jokaturiko neurketetan eskuratu zituzten emaitzak:
Euskadi 24-34 Andaluzia
Euskadi 28-28 Madril
Katalunia 33-29 Euskadi