Oriako hiru presa txiki eraisteko lanen proiektua jendaurrean

Noaua Aldizkaria 2023ko urt. 11a, 09:31

Txikierdi parean, Orian dauden hiru presa txiki eraisteko proiektua jendaurrean ikusgai jarriko du bihartik, Gipuzkoako Foru Aldundiak.

Gipuzkoako Foru Aldundiak "Usurbil eta Lasarte-Oriako udalerrietan (Gipuzkoa), Michelin 1, Michelin 2 eta Asteasuainzarra presa txikien eraisketa proiektuko lanak" bideratzeko baimena eskatu zuela berri eman zuen Uraren Euskal Agentziak, abuztuaren 16ko Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaraturiko iragarkian. Jendaurrean izan zen baimen hura uda amaieran.

Txikierdi parean Orian dagoen Iturrate irla pareko presak dira honako hauek. Egin beharrekoak "Michelin 1, Michelin 2 eta Asteasuainzarra presa txikiak bota eta ateratzeko lanak dira".

Egitasmo hau gauzatzeko urrats berria eman du orain, Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumeneko eta Obra Hidraulikoetako Departamentuak. Asteazken honetako, urtarrilaren 11ko Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean "jendaurreko informaziorako eta entzunaldirako izapideei hasiera ematen" duen iragarkia kaleratu du.

Alegazio epea zabaltzea erabaki dute beraz, "aipatutako obrek kalte egiten diotela uste duenak erreklamazioak aurkeztu ahal izan ditzan". Horrekin batera, "jendaurrean jarriko da, halaber, obrek ukitutako finken titulartasuna zehazteko eta ukitutako ondasun eta eskubideen zerrenda baliozkotzeko. Horretarako, idatzitako proiektua oinarritzat hartuta, Gipuzkoako Foru Aldundiko Lurzoruaren eta Ondarearen Kudeaketako Zerbitzuak eragindako ondasun eta eskubideen zerrenda egiaztatu eta eguneratu du, dagokion informazio grafikoarekin batera". 20 egun baliodunez jarriko dute jendaurrean, bihartik, hilaren 12tik zenbatzen hasita. "P
roiektua ikusgai egongo da www.gipuzkoa.eus/eu/web/obrahidraulikoak web orrian, eta Obra Hidraulikoetako Zuzendaritza Nagusiaren bulegoetan.

Exekuziorako hiru hilabete
"Plan honetan jasotako jardueren artean hiru presa txiki daude: Michelin 1, Michelin 2 eta Asteasuainzarra. Denak Oria ibaian daude, Iturrarte uhartearen bi aldeetan. Presa txikiak, gainera, hiru udalerriren artean daude, gehienbat Donostian, baina eskuineko erdiak Michelin 2 eta Asteasuainzarra dira Lasarte-Orian eta Usurbilen, hurrenez hurren".

Presa hauek eraisteko proiektua Injelan S.L. enpresak idatzi du Aldundiaren enkarguz. "88.748,15 euroko aurrekontua du, BEZa barne, eta hiru hilabeteko exekuzio-epea du". Horrez gain, "Eskualde Garapeneko Europako Funtsak batera finantzatu ahal izango du jarduera hori, Euskal Autonomia Erkidegoko 2021-2027 Programaren esparruan". Proiektu hau gauzatuta, "korronte egoera askoz naturalago bihurtzea ahalbidetuko du, migraziorako oztoporik gabe".